Eskualdeko kostaldea asteazkenean zeharkatu zuen 24. Korrikak: Oriotik barrena sartu eta Arroabera arteko ibilbidea osatu zuen egun horretan. Alabaina, ez da horrekin amaitu aurtengo edizioak Urola Kostara egingo duen bisita. Bigarren aldiz iritsiko da euskararen aldeko egitasmoa bihar eskualdera; Azpeititik, Azkoititik, Errezildik eta Zestoatik pasatuko da.
Goizaldean zeharkatu zuen 2024ko Korrikak barrualdea, baina, oraingo honetan, arratsaldean igaroko da. Dena ondo bidean, 15:13 aldera jasoko dute lekukoa Errezilen, eta handik Azpeitirako bidea hartuko du egitasmoak. Korrika 16:03 inguruan sartuko da lehen aldiz Azpeitira, eta han buelta bat eman ondoren, Zestoara joango da. 17:16 izango dira han lehenengo eragileek lekukoa hartzerako. Handik, atzera bueltan Azpeitira joango da Korrika, eta herrigunea 18:03 aldera zeharkatuko du. Azkoitia izango da Korrikak zapalduko duen eskualdeko azken herria: 18:45 inguruan sartuko da korrikalarien marea herrira.
Egun osoko festa
24. Korrika asteburuan iritsiko dela baliatuz, aipatu herrietako Korrika batzordeek egun osoko egitarauak prestatu dituzte. Korrikaren aurretik eta ondoren, jarduera ugari izango dira herritarrak festan murgiltzeko: bazkariak, musika hitzorduak, jolasen txokoak... Azkoitian, esaterako, 500 lagun inguruk eman dute otordurako izena.
Egitaraua
Azkoitia
- 10:00etan hasita. Geure Gelatik azoka, Elkargunean.
- 11:30-14:00. Umeentzako eskulan tailerra Guka txokoan, plazan.
- 12:30. Bizikorrika, San Martin kaletik herriko plazara.
- 13:00. Triki-bertso poteoa, eliz ataritik.
- 14:30. Bazkaria, plazan.
- 16:30. Tor magoa, plazan.
- 18:45. Korrika.
- 19:30. Gotx elektrotxaranga, plazatik.
- Egunean zehar, txosna plazan.
Azpeitia
- 11:00-12:30. Orientazio proba haurrentzat eta gaztetxoentzat. Horretaz aparte, margoketa txokoa ere egongo da txikienentzat, plazan.
- 12:00-13:00. Domusa Teknik 40 MLK lasterketa prestatzeko bigarren entrenamendu saioko partaideen iritsiera, plazan.
- 13:00-14:30. Bertso poteoa, plazan hasita. Bertsolariak: Jon Gurrutxaga, Suhar Gesalaga eta Oier Etxeberria. Trikitilariak: Eneko Arbeo eta Julen Badiola.
- 16:03. Korrika iritsiko da herrigunera, Errezildik.
- 18:03. Korrika berriz iritsiko da herrigunera, Zestoatik.
- 18:30-21:30. Erromeria Sanagustinen, Trikigiroren eskutik. Trikitilariak hauek izango dira: Lurdes Alkorta eta Lidia Irigoien nahiz Saioa Lizarralde eta Maddalen Arzallus.
- 22:30. Azax taldearen kontzertua, Sanagustinen.
Errezil
- 14:00. Korrikaren zuzeneko emanaldia zimitorioan, kafearekin eta gozoekin.
- 15:13. Korrikaren iritsiera Errezilera. Erraldoiekin harrera, kalean.
- 19:00. Pintxo-potea Akerran, Erniopen eta Borondegin.
- 22:00. Bingo musikatua Borondegin, gaztetxoek gidatuta.
- Ondoren, Andoni Ollokiegiren kontzertua Borondegin.
Zestoa
- Goiz-eguerdi partean, umeentzako tailerrak eta bingo musikatua, Barbantxoren eskutik.
- 17:16. Korrikaren iritsiera.
- Iluntzean, Hamarru elektrotxaranga.
- 21:00. Mokadutxoa eta barrikotea arkupeetan.