Kostako herrietatik igaroko da gaur Korrika

Juan Luis Romatet 2026ko martxoaren 25a

24. Korrikaren lehen metroak egin zituzten herritarrak, pasa den larunbatean Atharratzen. (Korrika)

14:50ean hartuko dute lekukoa Orion, eta Arroabean Itziarrerako bidea hartuko du Korrikak hiru ordu geroago. Euskararen aldeko egitasmoaren bueltan, ekintzak prestatu dituzte kostaldeko herrietan eta auzoetan.

Pasa den larunbatean abiatu zen Atharratzetik (Zuberoa) aurtengoarekin 24. aldia betetzen duen Korrika. Euskara gara lelopean ari dira gauzatzen aurtengo Korrika, eta espero zen bezala, jendetza bildu zen Zuberoko herri hartako plazan euskararen aldeko martxa erraldoiari babesa eta bultzada emateko. Irribarreak nagusi ziren bertaratutakoen artean, baita malko apur batzuk ere, pozak eragindako malkoak, Korrikaren beste edizio bat gauzatuko dela ikusteak eragindakoak. Euskararen aldeko egitasmo jendetsua datorren igandean helduko da Bilbora, Euskal Herria aldez alde zeharkatuta eta 2.174 kilometro eginda.

Atharratzeko irteeran AEKren Nazio Kontseiluko kide Bixente Claveriek adierazi zuen Korrikak Euskal Herria alderik alde zeharkatzeak bazuela parekotasuna hizkuntzarekin berarekin: "Herri oso bat zeharkatzea, herri oso bat lotzea eta herri oso bat bizirik sentiaraztea nahi dugu". Gaineratu zuen euskara dela euskaldunen "identitatea", eta Korrikaren leloari erreferentzia eginez, zera azpimarratu zuen: "Euskara gara gu, eta gu gabe ez dago euskararik".

Euskal Herriko hainbat hiri, herri eta eskualde zeharkatu eta gero, 24. Korrika gaur arratsaldean helduko da Urola Kosta eskualdera. Gaurkoan, baina, kostaldeko herrietatik bakarrik igaroko da, diseinatu duten ibilbide bihurriak larunbaterako utzi dituelako barrualdeko udalerriak.

Egun argiz

Duela bi urte gau beltzean igaro bazen, aurten arratsaldez pasatuko da Korrika kostaldeko herrietatik. Ordu txikietan pasatzean jende ugari batzen bada ekintzara, zer esanik ez arratsaldez igarotzen bada. Eguraldia lagun izatea besterik ez da falta bidean zein espaloietan jendetza biltzeko. Aginagatik barrena helduko da lekukoa eskualdera. Aurreikuspenak betetzen badira, 14:50ean hartuko dute lekukoa Orioko eragileek. Ordurako, 1.794 kilometro eginda izango ditu Korrikak, eta Orioko lurretan beste hamar kilometro egin eta gero pasatuko diete lekukoa Zarauzko eragileei.

16:00ak jotzeko minutu gutxiren faltan helduko da Korrika Zarautzera. Iritatik sartuko da herrian, eta Araba kale osoa zeharkatuko du. Jarraian, Urdaneta kaletik Bizkaia kalera jaitsiko da, eta San Inazio kaletik Kale Nagusira hartuko du. Aurrera jarraituz, Gipuzkoa kaletik Jaurtakol kaleraino (ertzainen gunea) joango da, eta handik Nafarroa kalera hartuko du euskararen aldeko egitasmoak, Getaria alderantz jotzeko. Guztira, 25 kilometro egingo dituzte Zarauzko eragileek.

Getariara 16:45 aldera heltzea espero dute, eta zazpi kilometrotan eramango dute lekukoa getariarrek, kostako errepidean barrena; Izustarri parean zumaiarrek hartuko dute lekukoa. Zumaiako herrigunera 17:20 aldera helduko da Korrika, Etxezarreta kaletik. Moilan barrena joanda, Amaiako plaza inuguruan emango du buelta, Erribera kalea zeharkatuz, Axular ibiltokia hartu eta Narrondora heltzeko. Hamalau kilometrotan eramango dute lekukoa Zumaiako eragileek, Narrondo parean Arroabekoei eman arte, 17:57 aldera. Auzora eramango dute lekukoa azken horiek, bidegurutzean Itziarrerako errepidea hartu arte.

Larunbatean, barrualdean

Aurtengo Korrika bi aldiz helduko da Urola Kosta eskualdera. Gaurkoan kostaldea zeharkatuko duen bezala, datorren larunbatean, hilaren 28an, barrualdeko herriak zeharkatuko ditu euskararen aldeko aldarriak. Aurreikuspenen arabera, 15:02an helduko da Errezilera, eta handik Azpeitirako bidea hartuko du, herrira 15:52an heltzeko. Urola bailaran barrena, Zestoara helduko da Korrika 17:05ean; han buelta emango du, ibaian gora egin, eta Azpeitia zeharkatu eta gero, Azkoitira helduko da, 18:33an. Han, Azkarateko maldak igota, Elgoibarko (Gipuzkoa) eragileen esku utziko dute lekukoa.

Gaurko egitaraua

Orio
  • 11:00. Korrika Txikia, hondartzatik herrirantz.
  • 14:50. Korrikaren etorrera Aginagatik.
  • 16:30. Txokolate beroa, Herriko plazan.
  • 17:00. Haurrentzat antzezlana.
  • Haren amaieran. Triki-bertso poteoa herriko bertsolari eta trikitilariekin. Jatekoa eta edatekoa Herriko Plazan, herriko tabernarien eta Arkuperen laguntzaz.
Zarautz
  • 15:57. Korrikaren etorrera. Ondoren, txokolatea Inurritza jubilatuen elkartean.
  • 17:30. TTB DJa Musika Plazan.
  • 19:00. Pintxo-petoa, Arrai Zopako eta Arranoko gitarra jotzaileekin. Opariak emango dituzte.
Getaria
  • 15:15. Korrika Txikia.
  • Amaieran, Urritzarekin musika saioa eta Korrikako koreografia.
  • 16:30. Korrika.
  • 17:30. Txokolate beroa.
  • 17:45. Musika eta buruhandiak, musika eskolako trikitilari eta pandero jotzaile gazteekin.
  • 18:30. Pintxoak eta barrikotea.
  • Bitartean, Korriokea herriko eragileen eskutik.
Zumaia
  • 11:30. Korrika Txikia Talaipetik Beheko Plazara.
  • Arratsaldean zehar. Adar jotzaileak herria girotzen.
  • 16:45. Kalejira Musika Eskolatik kofradiara, Musika Eskolako ikasleekin.
  • 17:15. Korrikaren etorrera.
  • 17:45. Batukada Beheko Plazatik abiatuta, Zumaiako Emakumeon Etxeko batukada taldearekin.
  • 18:00. Korokoiak eta Zutrik taldeen musika saioa, Estalapean. Jatekoa eta edatekoa herriko tabernarien laguntzaz.
Arroabea
  • 16:00. Korrika Txikia eskolatik plazara.
  • Jarraian, txokolate jana eta tailerrak.
  • 17:00. Arroako VIII. ipuin lehiaketako sari banaketa, plazan.
  • 17:30. Korrikaren etorrera.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide