Greba egunari bukaera emateko mobilizazioak zeuden deituta eskualdeko hainbat herritan, eta jendetzak parte hartu du horietan guztietan. 18:00etatik aurrera, manifestazioak eta elkarretaratzeak egin dituzte Azkoitian, Azpeitian, Getarian, Orion, Zestoan, Zarautzen eta Zumaian, eta milaka izan dira, sindikatuen deialdiekin bat eginez, kalera atera diren herritarrak. Lanbidearteko Gutxieneko Soldata Euskal Herrian erabakitzea eta soldata hori gutxienez 1.500 eurokoa izatea izan dira greba eguneko eskakizun nagusiak, eta Urola Kostako herritarrek garbi erakutsi dute bat egiten dutela Hego Euskal Herriko gehiengo sindikalak egin dituen aldarrikapenekin.
Greba deitu duten sindikatuek arrakastatsutzat jo dute gaurko borroka eguna, haren eragina goizean goizetik nabaria izan delako eskualdean. ELA eta LAB sindikatuen esaten, industria sektorean eragin handia izan du, eta goizean lanari ekin dioten enpresetara ere langile gutxi joan dira eta horietako hainbatek lan egiteari uko egin diote piketeen bisitaren ostean. Zerbitzuetan ere, herri batzuetan gehiago eta besteetan gutxiago, baina agerikoa izan da grebaren eragina; saltoki txiki zein handi eta taberna askotako ateak ez dituzte zabaldu egun guztian. Herritarrak zoriondu dituzte sindikatuek, eta horrelako egunek langileen eskubideak hobetzeko borrokan jarraitzeko indarra ematen dietela nabarmendu dute.