Martxoaren 17a da, greba eguna Hego Euskal Herrian, eta Urola Kostan ere eragina nabaria da goizean goizetik. Enpresa askotako langileek uko egin diote lanera joateari, baina izan dira kontrako hautua egin dutenak ere. Piketeen bisita izan dute horiek Azpeitian, Azkoitian, Zestoan, Zumaian eta Zarautzen.
Piketeen bisitaren ostean, ateak ixtea erabaki dute zenbait enpresak, baina tentsio uneak ere sortu dira leku batzuetan; esate baterako, Azpeitiko Pemec eta Oñatz enpresetan, Azpeitiko Greba Batzordeak hedabide honi jakinarazi dionez. Piketeez gain, ertzainak ere Landetako industrialdeetan ibili dira goizean goizetik, eta horiek grebalari bat identifikatu dute.
Azpeitiko industrialdeetan ez ezik, kalean ere ibili dira pikete informatiboak goizean goizetik. Kontseilu Sozialistaren deiari erantzunez, 07:30ean abiatuta, auto karabana egin dute Azpeititik Azkoitira, eta ondoren, 08:30ean igerilekuaren ataritik abiatuta, herria zeharkatu dute zabalik zeuden negozioetako langileei greba egiteko arrazoiak azalduz.
Azkoitian ere nabaria da grebaren eragina. Enpresa askotako ateak ez dituzte zabaldu ere egin, baina lanean ari zirenek piketeen bisita izan dute goizean. Kontseilu Sozialistak deituta, hainbat herritar 08:30ean elkartu dira anbulatorio aurrean, eta herrian barrena ibili dira zabalik ziren negozioetako langileei eta herritarrei greba egiteko arrazoiak azaltzen. 09:30ean gosaldu egin dute liburutegiaren atarian, eta ondoren, 10:00etan, Donostiako manifestaziora abiatu dira.
Zumaian, Bedua industrialderako sarrera itxi dute goizean. Poligonorako sarrera blokeatu dute hainbatek, errepidean bertan egindako eserialdiarekin, lanera joan nahi zutenei bidea oztopatuz. Ondoren, herrian jarraitu dute aldarrikapenekin: 09:00 aldera herri bira abiatu dute, Ardantzabidetik, eta zabalik zeuden negozioei ixteko eskatu diete. Grebako pegatinak itsatsi dizkiete zabalik zeuden lokalei, eta panfletoak ere bota dituzte establezimendu horietan. Herri bira horretara batzen joan dira apurka-apurka grebarekin bat egin duten herritarrak, eta Ardantzabidetik hasita, herria zeharkatu dute.
🔥Goizeko piketeak Beduako industriagunearen (Zumaia) sarrera itxi du.
— LAB Urola Kosta (@LABUrolaKosta) March 17, 2026
✊🏾Gaur Greba Eguna da!#M17GrebaOrokorra#HemenErabaki pic.twitter.com/FZ6e8M3kSE
Getarian, berriz, manifestazio txiki bat egin dute herriko kaleetan zehar, besteak beste, Hemen bizi hemen erabaki! oihukatuz. Azken horretan ez da tentsio unerik izan, nahiz eta negozio batzuk irekitzea erabaki duten. Plazan hasi eta amaitu dute ibilbidea.
Orion ere ari da izaten eragina greba: bi ikastetxeak gutxieneko zerbitzuak eskaintzen ari dira, eta itxita daude udal zerbitzuak, baita kiroldegia eta musika eskola ere. Ohi baino jende eta ibilgailu gutxiago zebilen erdigunean gaur goizean, baina gainerakoan, grebak eragin gutxi izan du herriko kaleetan: zabalik daude saltoki eta taberna gehienak.
Aian, gutxieneko zerbitzua dute gaur ikastetxean, baina udal zerbitzuak martxan dira, esaterako.
Zarautzen ere nabaria da grebaren eragina. Dena dela, zenbait saltoki handitako ateak normaltasunez zabaldu dituztela ikusita, haietara joan dira piketeak greba egiteko arrazoiak azaltzeko.
Zestoan, goizean goiz Arroako biribilgunea blokeatu dute, A-8 autobidearen alboan dagoena, eta auto ilara luzeak sortu dira. Ondoren, industrialdeetan eta herrian barrena ibili dira piketeak.
🔥Arroako (Zestoa) biribilgunea blokeatuta. pic.twitter.com/zHgR2uiqy1
— LAB Urola Kosta (@LABUrolaKosta) March 17, 2026