M-17 greba orokorra

Biharko greba deialdiak eragina izango du eskualdean

Iraia Oteiza 2026ko martxoaren 16a

Grebaren aldarrien artean dago Lanbide Arteko Gutxieneko Soldata Euskal Herrian erabakitzea, eta soldata hori 1.500 eurokoa izan dadila eskatzea. Deialdiak eragina izango du eskualdeko udaletxe batzuetan, eraikin publikoetan eta enpresa pribatuetan. Halaber, hainbat mobilizazio izango dira egun osoan zehar. 

Hego Euskal Herrian 1.500 euroko gutxieneko soldata propioa ezar dadin eskatzeko nahiz soldatak hobetzeko eta aberastasun banaketa justuago baterantz aurre egiteko, ELA, LAB, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek greba eguna deitu dute biharko. Deialdi horrek eragina izango du eskualdean, eta hainbat izango dira enpresetako, saltokietako, udaletxetako eta zerbitzuetako ohiko jarduna geratuko dutenak edota ateak itxiko dituztenak.

Lantegi ugaritan egin dituzte egunotan greba deialdiaren bueltako bozketak, eta langileen gehiengoak grebarekin bat egingo du hainbatetan. Azpeitian, esaterako, enpresa hauek batu dira deialdira: Ikasberri ikastola, Kulturaz kooperatiba, Ia Tecnica, Biele, Elikagunea, Elkargunea, Arimar, Elmubas, Corrugados Lasao, Astigarraga Kit Line, Mendiaraiz, Glual, Sammic eta Larrañaga zerrategia. Azkoitian, berriz, Murua, Intza, Sammic, Osatu, Erlo, Eroski supermerkatua eta Bizilore Eskola Aktiboa. Bi herri horietako Izarraizpe ikastolan nahiz Xabier Munibe ikastolan ez dute jangela zerbitzurik emango. 

Azkoitian, udalaren zerbitzuak diren udaletxea, Aizkibel liburutegia eta Elkargunea, irekita egongo dira bihar, baina erakundeak azaldu du grebak eragina izan dezakeela horien jardunean ere. Autobus zerbitzu publikoan ere nabarituko da grebaren deialdia: La Guipuzcoanak jakinarazi duenez, zerbitzu batzuk ezeztatuta geratuko dira. 

Azpeitian, berriz, itxita izango dira udaletxea eta gainerako udal eraikin nahiz zerbitzu guztiak, hala nola igerilekua, kiroldegia, liburutegia, euskaltegia, ludotekak, Gaztelekua nahiz Emakumeen Txokoa. Halaber, Urola Erdiko Mankomunitateak herritarren arretara bideratuta dituen zerbitzuak ere itxita egongo dira, baita Azpeitiko Azoka Plazako bulegoak, eta LAIENeko –lehengo Lapatx– instalazioak ere.

Aizarnazabalen, aldiz, alkateak greba egingo duela jakinarazi du, baina udal langileak lanean izango dira. Beizamako eta Errezilgo udaletako langileek ere bat egin dute greba deialdiarekin, eta bi udaletxeak itxita egongo dira. 

Orion, udalak jakinarazi du udal langileek bat egin dutela deialdiarekin, eta ondorioz, udal zerbitzuak itxita egongo direla bihar: udaletxea, Danbolin musika eta dantza eskola, Kultur Etxea, liburutegia eta Turismo Bulegoa. Halaber, kanpinean gutxieneko zerbitzuak izango dira martxan, eta Orioko eta Aiako ikastetxeetan deialdiarekin bat egingo dute, eta gutxieneko zerbitzuak eskainiko dituzte. Jangelak ere itxita egongo dira. Aiako udal zerbitzuek, aldiz, normaltasunez funtzionatuko dute.

Zarautzen, berriz, grebarekin bat egingo duten enpresen eta udal eraikinen datu gutxi batzuk daude oraindik; hau da, bihar arte itxaron beharko da grebak herrian izan duen eragin erreala ezagutzeko. Hala eta guztiz ere, Zarauzko Greba batzordeak aurreratu du Zarauzko udaletxea, behintzat, itxita egongo dela.

Zestoan ere udaleko langileek bat egin dute grebaren deialdiarekin, eta udal instalazio eta eraikin guztiak itxita egongo dira bihar: udaletxea, kiroldegia, liburutegia, Kultur Etxeko bulegoak eta futbol zelaia. Zumaiako Udal Gobernuak ere adierazi du bat egingo duela greba orokorrarekin, eta beraz, herriko zerbitzu nahiz eraikin publikoetan eragina izango duela ohartarazi du.

Deialdiak

Urola Kostako herri guztietan bihar Donostiako manifestaziora joateko deia egin dute herriz herriko greba batzordeek. Donostian 12:30ean abiatuko da mobilizazioa Pio XII.a kaletik. Eskualdeko herrietakoek Antigua auzoko tuneletik osatuko dute zutabea, leku horretatik 11:30ean irtenda. 

Hona hemen, biharko deialdiak herriz herri:

Azkoitia.

  • 05:30. Piketeak, Eroskiko aparkalekutik.
  • 08:30. Kalejira, plazatik.
  • 18:30. Elkarretaratzea, plazan.

Azpeitia.

  • 05:30. Piketeak, Garmendiko aparkalekutik.
  • 09:00. Manifestazioa, plazatik.
  • 18:00. Manifestazioa, plazatik.

Getaria.

  • 05:30. Piketeak Indauxko industrialdean; txokolatea, kafea eta bizkotxoak banatuko dituzte.
  • 09:30. Getariako plazatik kalejira dendak eta tabernak ixteko.
  • 10:00. Elkartu egingo dira, batera Donostiako manifestaziora joateko.
  • 18:30. Elkarretaratzea eta manifestazioa, plazan.

Orio.

  • 09:30. Herriko Plazan elkartuko dira, elkarrekin Donostiako manifestaziora joateko.
  • 19:00. Mobilizazioa, plazatik.

Zarautz.

  • 09:00. Kalejira, Lege Zaharren Enparantzatik hasita.
  • 18:30. Manifestazioa, Lege Zaharren Enparantzatik.

Zestoa.

  • 08:00. Pikete informatiboetarako elkartuko dira, plazan.
  • Ondoren, hamaiketako kolektiboa, norberak berea eramanda.
  • 18:30. Elkarretaratzea, plazan.

Zumaia.

  • 09:00. Manifestazio kalejira informatiboa, herriko kaleetan zehar.
  • 17:00. Manifestazio kalejira informatiboa, kaleetan.
  • 19:00. Manifestazioa, Beheko Plazatik hasita.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide