Herriarteko Bertso Txapelketaren Urola Erdiko eta Urola Kostako finalak jokatu zituzten herenegun eta atzo. Urolako Erdiko finala, ostiralean jokatu zuten Azpeitian, Charles Chaplin tabernan. 22:00etan hasita, sei bertsolari aritu ziren kantuan: alde batetik, Txemaizterrakeko Suhar Gesalaga, Oihana Labiano eta Jon Gurrutxaga; eta, bestetik, Zaharrak Berriko Beñat Lizaso, Haritz Etxeberria Ministro eta Jokin Uranga. Gai jartzaile lanetan, Ane Iriondo eta Oihana Elduaien aritu ziren, eta giro oso ona sortu zen saioaren bueltan. Leporaino bete zen taberna.
Finalistek askotariko gaiez jardun zuten kantuan, hainbat ariketatan. Azkenean, saio borobila eginda, Zaharrak Berri taldea izan zen garailea, eta horrenbestez, talde hori Gipuzkoako Herriarteko Txapelketaren hurrengo fasera sailkatu da; eskualde mailako lehia irabazita, Gipuzkoakora sailkatu da.
Urola Kostako Herriarteko txapelketaren finalari dagokionez, Orion jokatu zuten atzo, Etxeluze Gaztetxean. Txapelketaren aitzakia aprobetxatuz, egun osoko egitaraua antolatu zuten. 18:30ean hasi zen finaleko bertso-saioa. Bertan 70 bat lagun bildu ziren Zarauzko Allepunta taldearen eta Getariako Arrai Nahastua taldearen arteko saioa entzuteko.
Alde batetik, Zarauzko Allepunta taldeko Julen Zulaikak, Felix Zubiak eta Hodei Iruretagoienak parte hartu zuten. Bestetik, Getariako Arrai Nahastua taldeko Libe Goenagak, Danel Olanok eta Amets Aizpuruak. Gai-jartzaile lanetan, berriz, Zarauzko Sendabelarrak taldeko Onintza Gartzia aritu zen, eta epaileak, berriz, hauek izan ziren: Allepunta taldeko Elisa Iztueta, Arrai Nahastua taldeko Nerea Kamio eta Sendabelarrak taldeko Unai Muniain.
Saio bero eta ederraren ondoren, Allepunta izan zen talde irabazlea 15 punturekin. Zarauzko Allepunta izango da, beraz, Gipuzkoako Herriartekoan bigarren fasetik aurrera Urola Kosta ordezkatuko duen taldea. Hurrengo saioa Azpeitiko Zaharrak Berri taldearen aurka izango du, apirilaren 18an Azpeitiko San Agustinen.
Gukak atzoko Urola Erdiko finaleko eta gaurko Urola Kostako finaleko bertsoaldi onenekin osatutako saio berezia eskainiko du datorren astean.