Martxoaren 8a

Oztopo izatetik, balio erantsi izatera

Aitziber Arzallus 2026ko martxoaren 12a

(Lorea Diaz)

Oraindik ere badira ia erabat gizonenak diren lanbideak, baina, poliki bada ere, emakumeak lekua egiten ari dira, eta egiteko modu berriak sartzen. Eskualdeko lau emakumek beren esperientziak kontatu dituzte erreportaje honetarako. Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira Guka kaleratzen ari den sortako zazpigarren lana da honako hau. 

Oraindik ere badira ia erabat gizonenak diren lanbideak, eta ia erabat emakumeenak direnak. Adinekoak zaintzen gizonak ikusteak oraindik ere atentzioa ematen duen gisa berean, atentzioa ematen du eraikuntzan edo industria enpresetan emakumeak lanean ikusteak ere. Datuek baieztatzen dute hori, eta hamaika eman litezkeen arren, hona hemen gutxi batzuk: Eustaten arabera, 2024an, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako industria sektoreko enpresetan lanean ari zirenen %78 gizonak ziren, eta %22 emakumeak; hamabost urte lehenago, 2009an, %81,3 ziren gizonak eta %18,7 ziren emakumeak.

Datuek erakusten dute gauzak aldatzen ari direla, baina oso mantso, eta halaxe baieztatu dute erreportaje honetan parte hartu duten lau lagunek ere: Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako sailburu ohiak, Ana Belen Juaristi Engranajes Juaristi enpresaren kudeatzaile ohiak, Judhit Sagardogi Palou Motorsport taldeko mekanikari nagusiak eta Maddi Etxabe Reparaciones Auto Iraetako mekanikariak. Bidean aitzindariak dira laurak, aurrez oso emakume gutxik urratutako bidea egiten ari direlako, eta pozik daude horregatik, ingurukoei erakusten ari direlako eta ingurukoak konturatzen ari direlako emakume izatea ez dela traba, ez dela oztopo, balio erantsia baizik.

Juaristik joan den urtean hartu zuen erretiroa, 65 urterekin, lau hamarkadaz Zarauzko Engranajes Juaristi enpresaren gidari izan eta gero. Industria enpresa izanik, gizonez inguratuta igaro du lan ibilbide guztia: gizonak izan ditu lankide, eta gizonak ardurapean. Aitortu du enpresara sarbidea erraztu ziola familiako enpresa izateak, baina gauza bat da sartzea eta bestea hor jarraitzea. "Senideetan zaharrena nintzenez, enpresaren gidaritza hartzeko prestatu nintzen", hasi da kontatzen. "Behin enpresan sartuta, aitaren alboan hasi nintzen, ikusten eta ikasten, eta iritsi zen une bat ardurak hartzen hasi nintzena".

"Emakume gehiago dauden enpresak hobeak dira; emaitza hobeak izaten dituzte eta giro hobea izaten da"

Arantxa Tapia

Juaristiren hitzetan, bat ohitu egiten da gizonen artean ibiltzera. "Ikasi egiten duzu euren elkarrizketetan sartzen, eurekin mimetizatzen. Jator aritzen bazara, galdetu beharrekoak galdetzen badituzu eta lan ildoak ondo jarraitzen badituzu, erakusten badiezu balio duzula, onartu egiten zaituzte". Gogoan du oso gaztea zela nola joan zen aitarekin Lakuara bilera batzuetara. "Denak gizonak ziren eta ni emakumea eta oso gaztea; sekulako ikasketa izan zen hura. Orduz geroztik, hori izan da nire egunerokoa. Denborarekin zure tokia egiten joaten zara, atzean ez geratzen, zure iritzia izaten eta iritzi hori denen aurrean ematen". Hain zuzen, aholku horixe eman die emakumeei: "Izateko ausartak; galderak badituzte, egiteko; proposamenak badituzte, egiteko; eta atzean ez gelditzeko".

Arantxa Tapiak ere urte asko igaro ditu gizonez inguratuta. Ikasketaz industria ingeniaria da, unibertsitatean irakasle jardundakoa, 2005etik aritu da politikan EAJri lotuta eta, besteren artean, hiru legealdiz izan zen sailburu, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakari zela. 2024ra arte egon zen hor, Garapen Ekonomikoko, Jasangarritasuneko eta Ingurumeneko sailburu karguan. Gaur egun, berriz, Sabino Arana fundazioaren lehendakaria da. "Egia da oso mundu maskulinizatuan mugitu izan naizela beti, baina sekula ez dut sentitu emakume izatea oztopo denik. Gero atzetik baten bat jardungo zela? Seguru baietz, baina nik, pertsonalki eta aurrez aurre, errespetua eta duintasuna sentitu izan ditut, bai taldean eta bai handik kanpora".

Tapiak ez du sentitu emakume izateagatik gizonek baino gehiago erakutsi behar izan duenik ere. "Agian nik neure buruarengan konfiantza izan dudalako, baina ez dut sentitu horrelakorik. Unibertsitatetik politikara pasatu nintzenean, berdintasun legea eta kuotaren ikuspegia-eta hor zeuden, eta ziur norbaitek pentsatuko zuela horra iritsi nintzela emakumea nintzelako, baina nik uste errezelo horiek dagoeneko gainditu ditugula, eta horrek lagundu egiten duela emakumeak leku askotan egotea bermatzeko".

Komentario eskasak

Aldiz, Sagardogik eta Etxabek bai, lan ibilbidearen hasieran behintzat sentitu zuten eurenean jarduteko balio dutela erakutsi behar zutela. Sagardogik 26 urte ditu, azpeitiarra da eta Bartzelonan bizi da egun, han lan egiten duelako lehiaketetako autoen mekanikari gisa. Elgoibarren (Gipuzkoa) elektromekanika ikasi ostean, hara joatea erabaki zuen han bazegoelako lasterketetako autoetara bideratutako gradu espezifiko bat. Ikasketak bukatuta, sei edo zazpi taldetan aritu da lanean, eta gaur egun Eurocup 3 mailan –formula 3 litzatekeena– aritzen den Palou Motorsport taldeko lehen mekanikaria edo mekanikari nagusia da; gainera, lasterketetako auto baten ardura du.

"Garraiolari batek eskoba pasatzera bidali ninduen, baina ederki isildu zen kamioia konpondu nionean"

Maddi Etxabe

Etxabek, berriz, 21 urte ditu, Oikiakoa da eta kamioien mekanikaria Reparaciones Auto Iraeta tailerrean duela bi urte eta erditik. "Mekanikako erdi mailako zikloa egin ondoren, goi mailakoa egiten hasi nintzen. Lehendabiziko urtean praktikak egin beharra zegoela eta, Reparaciones Auto Iraeta kamioien konponketa tailerrera bidali ninduten, eta bigarren egunean nagusiak esan zidan nahi banuen lanerako kontratatuta nengoela. Aukera ikusita, bertan gelditzea erabaki nuen". Nahi zuten lanbidea aukeratzerakoan, biek izan dute etxekoen eta lagunen babesa, baina kontrara, eta emakumeak mekanikari ikusteak hasieran eragin dezakeen harriduratik harago, biek entzun behar izan dituzte entzun behar ez zituzketen komentarioak. "Behin garraiolari bat etorri zen tailerrera eta zera bota zidan: 'Kamioiak konpontzeko baino eskoba pasatzeko gehiago balio duzu zuk. Bada, beste inork ezin, eta neuk asmatu nuen bere kamioia konpontzen, eta harrezkero ez dit beste komentario txar bat ere egin", kontatu du Etxabek.

Lagun bati gertatutako antzerako pasadizo bat gogora ekarri du Sagardogik ere. "Nik ez dut sentitu emakume izateagatik inork gutxietsi nauenik, baina badakit horrelakoak gertatzen direla. Adibidez, badakit behin pilotu batek esan zuela ez zuela nahi bere autoa emakume batek ukitzerik, ez zatekeelako seguru sentituko". Alde horretatik, bera zorteduna izan dela dio, "zoritxarrez, zortea deitu behar baitzaio horrelako lankiderik inguruan ez egokitzeari". Hori bai, sentitu izan du gizonek baino gehiago erakutsi beharra, "dudarik gabe gainera, batez ere hasieran".

(Lorea Diaz)

Gauzak aldatzen ari direla diote laurek, baina ez behar luketen abiaduran. Juaristik esan du bera emakumeak masiboki etxetik kanpora lanean hasi ziren belaunaldikoa dela. "Nire kuadrillan, esaterako, denok etxetik kanpo egin izan dugu lan". Horregatik, uste zuen aldaketa eurekin etorriko zela. "Baina ez da hala izan. Bizitza guztia daramat aldaketa etorriko dela pentsatzen, baina ez da gertatzen".

Aldaketa hori zerk geldiarazten duen galdetuta, erantzun borobilik ez du inork, baina Juaristik nabarmendu du ama izatearena hor dagoela. "Ama izatea balazta handia da, denbora asko kentzen digulako eta emozio asko biziarazten dizkigulako. Hori horrela da eta horrela izango da, nahiz eta alboan bikotekiderik onena izan, ardurak partekatu eta abar". Hala ere, hori bizitzako etapa bat dela esan du, umeak hazi ahala gauzak aldatzen joaten direla. "Behin hori igarota, emakumeak gai izan behar du beste etapa bat askatasunez bizitzeko, erabaki hori hartzeko, urrats hori egiteko, ardurak hartzen eta erronkak jartzen joateko. Eta ez hori bakarrik; zerbait egiteko gai garela erakusten dugunean, ez dugu ahaztu behar horren ordaina eskatzeaz, dirutan zein arduratan. Merezi duguna eskatzea ere badagokigu, eta askotan ahaztu egiten zaigu hori". 

"Gertatu izan zait sei mutil indarka ikustea eta nik joan behar izatera: 'Pentsatuko al duzue?'"

Judhit Sagardogi

Azken urteetan aurrerapausoak egin direla iruditzen zaio Tapiari; "nahikoak ez direnak, baina egin, egin dira". Gogora ekarri du bera sailburu izan zen urteetan formakuntza ikuspegitik-eta martxan jarri zituztela industrian emakumearen presentzia bermatzeko eta gazteak erakartzeko proiektuak, eta horiek orain sendotzen ari direlakoan dago. "Duela egun batzuk egin zuten BECen makina erremintaren biurtekoa, eta oraindik ere han ibili diren gehienak gizonezkoak izan arren, hasi gara emakumeak ere kargu garrantzitsuetan ikusten. Beraz, poliki, bai, baina ari gara aurrera egiten". 

Eremu batzuetan emakumeak taldean izatea ondo ikusia eta guzti dagoela adierazi du Sagardogik, nahiz eta oraingoz sekula ez duen taldean beste emakume mekanikaririk izan. "Izan nuen arduradun batek esaten zuen beti izan behar dela emakume bat taldean, arazoen aurrean gizonei bururatzen ez zaizkien irtenbideak planteatzen ditugulako". Eta denborarekin, hala dela ikusi du. "Gertatu izan zait arazo baten aurrean sei mutil indarka ikustea eta nik joan behar izatea esatera: 'Pentsatuko al duzue?'".

Beste modu batzuk

Arrazoia eman diote Tapiak eta Juaristik. "Azterketa ugari daude horren inguruan", esan du Tapiak. "Aztertzen denean enpresa baten lehiakortasuna eta aztertzen denean emakume batek zer ekarpen egiten dion enpresa bati, argi ikusten da emakume gehiago dauden enpresak hobeak direla, emaitza hobeak dituztela, giro hobea izaten dela. Zergatik? Emakumeek beste ikuspegi batzuk eskaintzen dituztelako". Gaur egun hori "balio bezala" ikusten dela uste du, "nahiz eta oraindik ere zailtasunak badauden". Nabarmendu du emakumeek beste "egiteko modu batzuk eta pertsonak kudeatzeko beste modu batzuk" sartzen dituztela enpresetara, eta hori erabat baikorra eta positiboa iruditzen zaiola.

"Toki guztietan gizonek zein emakumeek egon behar lukete, elkarren osagarri garelako"

Ana Belen Juaristi

Ildo beretik mintzatu da Juaristi ere. "Emakumeok, oro har, hausnartzeko joera handiagoa daukagu, pazientzia handiagoa, eta enpatikoagoak gara. Gizonak ere ari dira hori guztia lantzen, baina emakumeok berezkoa dugu". Hark ere ikerketei egin die erreferentzia. "Badaude ikerketak esaten dutenak emakumeek gidatutako enpresak berritzaileagoak eta lehiakorragoak direla, baita seguruagoak ere, eta horren erakusle da banketxe batera finantziazio eske joandakoan, emakumeek gidatutako enpresek kredituak errazago lortzen dituztela gizonek gidatutakoek baino. Zerbaitegatik izango da hori". Hala ere, onena, eta talde guztietan bilatu behar litzatekeena, "oreka" dela azpimarratu du enpresaburu ohiak. "Toki guztietan gizonek zein emakumeek egon behar lukete, elkarren osagarri garelako. Gurean ere hala izan da, nik lehengusua izan dut alboan, eta bion artean hartu izan ditugu erabaki guztiak".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide