Oinarrizkoa eta transbertsala da zaintza, norberaren bizitza alderik alde zeharkatzen duena, guztiek beharko dutelako inoiz zaintza jasotzea, eta horrenbestez, baita ematea ere. Pertsona denei eraginagatik, ordea, tradizioz emakumeen bizkar geratu den zeregina izan da pertsona nagusiak, haurrak, mendekoak zein gaixoak zaintzearena; etxea, finean. Gaurdaino iraun duen zaintza eredu isil eta ikusezinak eragiten duen zamaz nekatuta, mugimendu feministaren azken urteetako aldarri nagusienetako bat izan da zaintza erdigunean jartzea.
Martxoaren 8aren harira, zaintzaz hitz egiteko tartea hartu dute Errezilen, eta Saiaz gizarte zerbitzuetako mankomunitatea osatzen duten Beizamako, Errezilgo, Bidania-Goiazko eta Albizturko udalen eskutik, Errezilgo eguneko zentroan elkartu dira ia 30 pertsona, zaintzaren arloan lan egin dutenek beren bizipenak konta ditzaten. Hots Atsegin elkarteko zaintzaileek betetzen dituzte Saiazek udalerri horietan kudeatzen dituen zaintza zerbitzuak, eta ertz asko jorratu dituzte haiek saioan; horien artean, baita gizon eta emakumeen artean dagoen arrakala ere: "Zaintza denen gaia da, baita gizonena ere", zuzendu zaio mankomunitateko gizarte langile Elena Rikondo solasaldira agertu den gizon bakarrari, hura ere saiora gonbidatuz. Bakoitza bere lekuan, beraz, ziurrenik entzule guztiei gertukoak zaizkien kontuak kontatzeari ekin diete beren etxeetan zaintzen aritu diren herritarrek zein zaintzaile profesionalek, hala nola Errezil eta Bidania-Goiazko eguneko zentroetako, etxez etxeko zerbitzuko eta harrera familiako langileek.
Solasaldian parte hartu duten zaintzaile guztiek esperientzia handia dute beste pertsonen ongizatean laguntzeko lanean. Zaindu beharreko pertsona eroso senti dadin, zaintzaileek ondo baino hobeto dakizkite beraiek izan behar dituzten ezaugarriak zeintzuk diren. "Pazientzia" handia garatu dutela diote guztiek, "neke handia" ere eragin die lanak, baina bueltan "asko" jaso dute. Bizitzarako ikasgaia ere izan da hainbatentzat: "Aurrez ezagutzen ez genuen pertsona bat etxean hartzeak balio ugari irakatsi zizkigun etxekooi", azaldu du Maria Jesus Jauregik, adineko pertsona bat harreran izan duen zaintzaileak.
Errezil eta Bidania-Goiazko eguneko zentroko zaintzaileak dira, bestalde, Begoña eta Lourdes Uzkudun ahizpak. 2004an herri horietan eguneko zentroak zabaldu zituztenetik, ehun pertsona baino gehiagok jaso dute zerbitzua, eta "gustura" sentitu izan dira biak han lanean, "esker oneko" pertsonak baitira hara joaten direnak. Ordea, Lourdesek azaldu du urtez urte "neke eta desgaste handiagoa" eragiten diola jardunak. Ados daude besteak ere, azpimarratu baitute zaintzaren zamak ondorio psikologiko zein fisikokoak izaten dituela. "Lan honetan betetzea oso erraza da, eta hustea oso zaila", dio Begoñak. Izan ere, jakinekoa da lotua ere badela haien lana, baita etxean senideak zaintzen dituztenena ere. Hala berretsi du urteetan hainbat senide zaintzen aritu den herritar batek: "24 orduz izan naiz zaintzaile, esklabu bat sentitzeraino". Hori hala, guztiek adierazi dute zaintzaile izateko burua eta gorputza "prest" izan behar direla; indarra ezinbestekoa dela. Beraz, laguntza psikologikoa jasotzea komenigarria deritzote zaintzaileek.
Dena den, zaintzaileek harro hitz egiten dute beren ogibideaz, oro har "satisfakzio handia" eragiten dien lana baitute. Gainera, gogora ekarri dute pertsona bat zaintzea oinarrizko eginbeharra dela, guztiek jakin beharko luketena egiten; "gauza ona da, eta beraz, guk abantaila dugu horretan", dio Begoñak. "Kontua da pertsona batzuk hortik kanpo geratu direla, eta zama soilik beste batzuen gain geratu dela", gaineratu du, era berean. Funtsean, emakumeak umetatik zaintzara bideratu izan dituztela uste dute hizlariek, gizonak ez bezala; garbi dute "arrazoi kulturalek" eragin dutela hori, eta beraz, beharrezkotzat dute pedagogia lana egitea. Azken urteetan "gauzak aldatzen" ari badira ere, esaldi argigarri batekin borobildu dute zaintzaren gainean duten ikuspegia: "Etxean ama indartsu badago, etxea zainduta dago".
Aurpegi berriak
Aurpegi asko ditu zaintzaren arloak, baita adineko pertsonei zuzendutakoak ere. Senide diren zaintzaileek eta erakundeen zerbitzuetakoek osatzen duten txanponaren beste aldean, autonomo gisa jarduten duten etxe barneko zein kanpoko profesionalena dago; funtsean artatze lana antzekoa izanagatik, haien errealitatea bestelakoa ere bada, eta azken urteetan berezitasun propioa hartu du sektore horrek; emakume migratzaileek hartu dute adinekoen zaintzaile rola. Espainiako Gobernuaren arabera, Espainiako Estatuan 500.000 pertsona inguruk lan egiten dute etxe eta zaintza sektorean. Ia guztiak emakumeak dira, eta %69 migratzaileak; zenbateko hori, gainera, altuagoa da etxe barneko emakume langileen kasuan: %80 atzerritik etorriak dira.
Norma Castro da horietako bat: duela hamar urte bere jaioterria, Honduras, utzi zuen lan kontuengatik, eta handik Espainiara bizitzera joan zenean ekin zion, beste askok bezalaxe, zaintza lanari; 2020tik Azpeitian bizi da, eta han ere adineko pertsona bat zaintzen dihardu. Gaur-gaurkoz, ez du barne zaintzaile moduan lan egiten, baina egin izan du; errealitate biak ezagutzen ditu, Gukari kontatu dionez: "Barne langilea izatea oso-oso gogorra da, eta denborak eramaten zaitu atseden gehiago behar izatera". Izan ere, zaintzaileak gogoratu du haiek mendekotasuna duten pertsonekin egin ohi dutela lan, zenbait gaixoak ere badirela eta mugitzeko zailtasunak ere izaten dituztela. "Lan oso nekagarria da", dio berriz. Bere hitzetan, etxe barneko zaintzaren ardura bi pertsonaren artean gauzatu beharko litzateke, lan osoa zaintzaile baten bizkar jartzea gehiegizkoa baiteritzo; are, sistemak hori bermatu beharko lukeela dio Castrok. "Neure esperientziagatik dakit batzuetan zaintzaileak ez duela lorik egiten, eta beraz, ezta atsedenik hartzen ere, hurrengo goizean lanean jarraitu behar duelako. Horregatik, zaintzaileetako batek egunez egin beharko luke lan, eta besteak gauez. Hala, zaintzailearen atsedena bermatua izango litzateke".
Gaur egun, astelehenetik igandera, 09:00etatik 19:00etara bitartean egiten du lan hark, eta hilean bi asteburu libre izaten ditu. Adineko pertsona zaintzeaz gain, otorduak prestatu eta ematen dizkio hari, garbitu egiten du eta haren etxeko lanak egiten ditu. "Gure gurasoak bailiran zaintzen ditugu, kariño handia ematen diegu". Zentzu horretan, zaintzaileak azpimarratu du "ahaleginik handiena" egiten dutela beren lanpostua mantentzeko, jakitun baitira zaintzen duten adineko pertsona hiltzen denean, lanik gabe geratuko direla. "Lanbide honetan gauden guztioi gertatzen zaigun kontua da hori, eta beraz, gure buruari erronkak jartzen dizkiogu adinekoa ahalik eta ondoen zain dezagun eta maitasun handiena eman diezaiogun, guk lana egiteko aukera ez dezagun galdu".
Zaurgarrien lana
Lanaren ordainean jasotzen duen soldata, berriz, "ondo konpentsatuta" dagoela uste du zaintzaileak, eta hori egunerokoan erakusten duen "arduraren ondorio" dela azpimarratu du. Ordea, inguruan dituen beste zaintzaileen bizipenetan oinarrituta konta dezake nagusiaren borondatearen esku egoten dela maiz zaintzaileek egindakoaren truk jasotzen dutena. "Nagusi batzuei bihotzetik ateratzen zaie zaintzaileei soldata duin bat ematea, baina beste batzuek ez dute kontuan hartzen zaintzailearen ongizatea eta hark egindako lanaren konpentsazioa. Zaintzaileok jakinaren gainean gaude aurrena lana ondo egin behar dela eta zaintzen ari garen pertsonarekiko erantzukizun handia dugula, baina batzuetan protesta egin behar izaten dugu gure lana balora dezaten". Izan ere, langileek jasotzen duten ordainsaria hobetuko duen sektoreko hitzarmen kolektiborik ez dagoenez, langileek beren soldata baldintzak negoziatu behar dituzte lanean hasten diren bakoitzean. Intermon Oxman erakundeak berriki egindako ikerketa baten arabera, batez beste 1.050 euro jasotzen dituzte zaintzaile horiek –Espainiako lanbide arteko gutxieneko soldata 1.221 eurokoa da astean 40 ordu eginez gero—.
Adibideek islatzen dute kolektibo horren zaurgarritasuna, eta datuek berresten dute hori: Espainiako Estatuan etxean eta zaintza sektorean lan egiten duten 500.000 pertsonetatik 350.000 inguru Gizarte Segurantzan afiliatuta daude, eta 150.000 inguru ezkutuko ekonomian; hau da, kontraturik gabe eta gizarte babesik gabe, legeari dagokionez, linbo batean. Hori ere bada sektorearen beste ezaugarri bat. Urola Kostan bertan ere, administraziotik at dauden zaintzaileen zenbatekoa %35 dela azaldu du Malen Etxea emakume migratzaileen elkarteak.

Hain zuzen, sektore horretako eskualdeko langileak saretuta daude Malen Etxea elkartearen bidez, eta hura osatzen duten berrehun bazkideetako bat da Castro bera. Haren arabera, zaintzaileek legezko dokumentazioa izateak zuzenki eragiten du soldatetan eta lan baldintzetan: "Duela gutxi, erregularizatuta ez dagoen lagun bati lagundu nion lan elkarrizketa batera, eta mila euro eskaintzen zizkioten astelehenetik larunbatera ordu librerik gabe lan egiteagatik. Egunean zortzi ordu lan eginda, gutxiengo soldata behintzat jaso beharko luke". Era berean, administrazioan erregularizatuta ez dauden pertsonen artean "arrazakeria" eta "umiliazio" kasuak areagotzen direla azpimarratu du hark.
Ikusezintasunean gauzatu diren zaintza lanei balioa ematea da zaintzaile horien premia, hain sendo baina hain hauskor den zeregin hori aitortzea. "Gizartean oinarrizkoa den lan duina egiten dugun heinean, baldintzak ere halakoak izan daitezela da gure aldarria".
