Kontseilu Sozialistak oinarrizko produktuen bilketa egingo du datozen egunetan Urola Erdiko hiru herri nagusietan, "behar gehien duten herritarrentzat" elikagaiak jaso eta beren biltegia betetzeko helburuarekin.
Zestoan bihar arratsaldean (17:00etatik 20:00etara), Azkoitian zapatu goizean (0:00etatik 13:00etara.) eta Azpeitian astelehen arratsaldean (17:00etatik 20:00etara) egongo dira Kontseilu Sozialistako boluntarioak supermerkatuen atarietan, herritarrek egin nahi dituzten ekarpenak jasotzeko prest.
Gero eta garestiago
Prezioen gorakadak ez du etenik izan 2025ean, eta horrek dituen ondorioez ohartarazi du Kontseilu Sozialistak: "Ikusi dugu beste behin ere elikagaien prezioak gora egin duela, eta berriz ere, egoera horren ondoriorik nabarmenenak langile klaseak jasan behar dituela". Elikagaien prezioa ez ezik, "bizitza garestitzen" ari da. "Elikagaien prezioen igoera, zerbitzuen murrizketak, bizi baldintzak kaskartzea edota etxebizitzak garestitzea eta irismen ezintasuna eguneroko ogi bihurtu zaizkigu", diote oinarrizko produktuen bilketaren antolatzaileek, eta datuak eman dituzte: "AEVren (Asociación Española de Análisis de Valor) datuen arabera, 2025ean EAEn etxebizitzaren prezioa %12,7 igo da, 2008tik izandako garestiena. SSIISen (Servicio de Información e Investigación Social) arabera, berriz, 1.556 etxegabetik gora zeuden kale gorrian 2025ean EAEn, 2016an 743 ziren bitartean".
Egoera zaurgarrian edota arazoekin bizi direnen kopurua eta prezioak goraka doazen heinean, "kapitalistek eta enpresariek gure kontura aberasten jarraitzen" dutela nabarmendu du Kontseilu Sozialistak: "Garraioa edota elikagaiak lortzea gehiago kostatzen zaien aitzakiarekin prezioak igotzea normaltzat jotzen dugu, baina langileen soldatak ez dira prezioak bezala igotzen, eta beraz, soldata erreala eta eros-ahalmena nabarmen ari dira jaisten. Modu horretan, oligarkia eta enpresari handien aberastasuna bermatzen da".
Errealitate horren aurrean, oinarrizko produktuen biltegiaren bitartez "kapitalismoaren aurpegi gordinena jasaten duten herritarrekin elkarlanean eta borondatezko lanean" jarraituko duela adierazi du Kontseilu Sozialistak, eta "herritar oro gonbidatu" dute datozen egunetan egingo duten produktuen bilketan parte hartzera. "Aurrez eskertzen dizuegu zuen laguntzeko borondatea", diote antolatzaileek.