Urola Erdiko azken finalerdia eta Urola Kostako azken final laurdena, Herriarteko Bertso Txapelketan

Andoni Elduaien 2026ko otsailaren 26a

Azkoitiko Aizpurutxon eta Getariako Askizun jokatuko dituzte kanporaketak. (Freepik)

Azkoitiko Aizpurutxon eta Getariako Askizun jokatuko dituzte kanporaketak. Azkoitian, Urola Erdiko bigarren eta azken finalerdia jokatuko dute, eta Getarian, Urola Kostako laugarren eta azken final laurdenetako kanporaketa. 

Gipuzkoako Herriarteko Bertso Txapelketa asteburu erabakigarrietan ari da sartzen. Urola Erdiari dagokion txapelketa finalerdietan da, eta Urola Kostakoa, final laurdenetan. Hain justu, bihar, ostirala, jokatuko dituzte bi zonetako lehiak, 20:30ean hasiko diren bertso afarietan. 

Azkoitiko Aizpurutxo auzoko Itziar jatetxean, Urola Erdiko bigarren eta azken finalerdia jokatuko dute. 20:30ean hasiko dute saioa, eta nor baino nor gehiago arituko dira Zestoako Harresi tabernako saioa irabazi zuen Erralla taldea eta Azpeitiko Korrale tabernan jokatutako saioan bigarren sailkatu zen Txemaiztarrak taldea. 

Azpeitiko Jon Gurrutxagak, Suhar Gesalagak eta Oihana Labianok osatzen dute Txemaiztarrak taldea, eta Zestoako Gorka Olaizola, Oskar Alberdi eta Aitor Salegi bertsolariek Erralla taldea. Biharko irabazleek joan den astean Errezilgo Borondegin jokatutako saioan nagusitu zen Zaharrak Berri taldekoen aurka jokatu beharko dute finala; Jokin Uranga, Leire Ostolaza eta Beñat Lizaso azpeitiarrek osatzen dute Zaharrak Berri taldea. 

Bihar erabakiko da, beraz, Erralla edo Txemeiztarrak taldeak, bietako zeinek lortuko duen martxoaren 13an, ostiralez, Azpeitiko Charles Chaplin tabernan jokatuko duten Urola Erdiko finalerako bigarren txartela.

Kostaldekoa, Getarian

Fase bat atzerago dute Urola Kostan txapelketa. Getariako Askizu auzoko elkartean final laurdenetako laugarren eta azken kanporaketa jokatuko dute bihar. 20:30ean hasiko dute han bertso afaria, eta nor baino nor gehiago arituko dira Arrai Nahastua eta Zarauzko Gazte-jendia taldeak. Amets Aizpuruak, Libe Goenagak, Danel Olanok eta Egoitz Aizpuru osatzen dute Getariako Arrai Nahastua taldea, eta Jakes Etxeberria, Mateo Larraza, Andoni Aranberri eta Adei Urbitarte dira Zarauzko ordezkariak.

Biharko irabazleak datorren ostiralean, martxoaren 6an, Zarauzko Hiruputzu gaztetxean izango den finalerdietako batean kantatu beharko du Aizarnazabalgo Joxe Jimenezek Kasta taldearen aurka. Iban Gorriti Beltza, Markel Eizagirre eta Aritz Hernandez Larrume dira Aizarnazabalgo ordezkariak. Zarauzko Andraseñorak eta Allepunta taldeek jokatuko dute beste finalerdia.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide