Hizkuntza politikan eta euskararen indarberritzean norabide aldaketa eragin nahi duen estrategia aukeztu du UEMAk

Andoni Elduaien 2026ko otsailaren 25a

UEMAren zuzendaritza batzordea osatzen duten alkateek eta zinegotziek aurkeztu dute Lurralde Estrategia. (UEMA)

Lurgune euskaldunena babestea, sendotzea eta hedatzea du helburu UEMAk gaur aurkeztu duen estrategiak, euskararen indarberritzea herrialde guztian hauspotu dadin. Hizkuntza politika lurralde ikuspegitik planifikatzeak euskararen indarberritze prozesua azkartu eta eraginkorragoa bihur dezakeelakoan dago UEMA. Lurralde Estrategia garatu ahal izateko, lurgune euskaldunenerako lege babesa eta plan integrala bultzatuko dituzte.

UEMAk euskararentzako Lurralde Estrategia izeneko dokumentua aurkeztu du gaur, asteazkena, Hernanin (Gipuzkoa). UEMAren zuzendaritza batzordea osatzen duten alkateek eta zinegotziek parte hartu dute agerraldian, tartean Urola Kosta eskualdeko zenbaitek –Irune Urbieta UEMAko lehendakariordea eta Zarauzko EAJko zinegotzia eta Aitor Larrañaga EH Bilduko Azpeitiko zinegotzia—. Hizkuntza politikan eta euskararen indarberritze prozesuan norabide aldaketa proposatzea xede duen oinarrizko dokumentua da Lurralde Estrategia, eta oinarrian, lurgune euskalduna sendotzea eta legez babestea du jomuga, hura euskararen etorkizunerako funtsezko eremu gisa aitortuta.

Martin Aramendi UEMAko lehendakariak adierazi duenez, azken hamarkadetan egin den lanari esker euskarak "aurrerapauso esanguratsuak" eman ditu ezagutzan eta esparru formaletan. "Ordea, datu eta joera soziolinguistikoek erakusten dute euskara indartsuen dagoen eremuetan ere, hala nola arnasguneetan eta udalerri euskaldunetan, ahultze zantzu kezkagarriak ageri direla. Azken ikerketen arabera, gainera, hurbileko erabileran, transmisioan eta hiztunen tipologian gertatzen ari diren aldaketek arriskuan jar dezakete euskara nagusi den lurralde eremua".

Testuinguru horretan aurkeztu du UEMAk Lurralde Estrategia, oinarri argia duen testua; izan ere, arnasguneak eta lurgune euskaldunenak euskararentzat "giltzarriak" direla azaldu dute gaurko agerraldian. Hori hala, eremu horiek "babestea eta sendotzea ezinbestekoa" da UEMArentzat, euskararen lurralde osoan eragin dezaten eta euskararen biziberritzean motor izan daitezen.

Norabide berrien bila

Euskararen egoera, baina, ez da bera Euskal Herri osoan. Nabarmendu dute eremu euskaldunenek eragin egiten dutela gune erdaldunagoetan, eta, alderantziz, gune erdaldunagoek ere eragina dutela eremu euskaldunetan. Elkar-eragin horiek kontuan hartu gabe, hizkuntza politikak "mugatuak" direlakoan dago UEMA, eta egoera iraultzeko "hizkuntza politikek norabide berria" behar dutelako osatu dute Lurralde Estrategia dokumentua. 

Estrategiak bi ideia nagusi ditu oinarrian: batetik, UEMAren lehentasuna da arnasguneen eta lurgune euskaldunenaren "gainbehera" iraultzea eta horiek "indartze bidean" jartzea; eta bestetik, uste dute hizkuntza politika lurralde ikuspegitik planifikatuta, euskararen indarberritze prozesua "azkartu" egingo dela, "eraginkorragoa" bihurtzearekin bat. "Lurgune euskaldunenean egindako ahaleginek inpaktu handiagoa dute erabileran eta komunitatearen sendotzean. Horregatik, baliabide publikoen eraginkortasuna hobetu beharko litzateke, lurgune euskaldunenari dagokion garrantzia aitortuz, gune hori legez babestuz eta euskararen indarberritzerako hauspo bihurtuz", esan du Aramendik.

Hizkuntza politika berriaren oinarri gisa, Lurralde Estrategiak, guztira, bost irizpide orokor proposatzen ditu. Dabid Anaut Leitzako (Nafarroa) alkateak eman du horien berri, eta esan du "eremu guztietan eragin" behar dela, "ahalegina indartuz" eta toki guztietan "estrategia egokiak" garatuz. Gainera, eremu bakoitzaren "errealitate soziolinguistikoari egokitutako politikak abiarazi" behar direla azpimarratu du hark. Lurgune euskaldunenei, berriz, "motor eta lidergo rola aitortu" behar zaiela adierazi du Anautek, eta arnasguneei "arreta berezia" eskaini, haiek zabaltzeko eta sendotzeko legez babestuz. Bide batez, nabarmendu du lurgune euskaldunena gainerako eremuen euskalduntzerako eta euskararen indarberritzerako "baliabide estrategiko" bihurtu behar dela.

Irizpide horiek aplikatzeko, bestalde, UEMAk aurkeztutako estrategiak babes eta sustapen bereziko eremu bat definitzea proposatu du. "Eremu horrek lurgune euskalduna zehaztu beharko luke lehenik, epe ertain-luzera euskara nagusi izango den lurralde geografikoki jarraitua, demografikoki ohargarria eta soziolinguistikoki sendoa eraikitzea bilatuz. Tipologia ezberdinak zehaztea ere lagungarria litzateke", esan du Maitane Zearreta Busturiko (Bizkaia) zinegotziak.

Lurgune euskaldunenean eragiteko hiru norabide nagusi jaso ditu Lurralde Estrategiak: batetik, demografia, ekonomia, harrera, lurralde antolaketa eta komunitatearen jasangarritasuna hizkuntza ikuspegitik lantzea hobetsi dute; bestetik, hezkuntzan, kulturan, hedabideetan, aisian eta helduen euskalduntzean, errealitate soziolinguistikoari egokitutako hizkuntza politika aurreratuak garatzea zehaztu dute; eta azkenik, hiztunen ahalduntzea eta kontzientzia linguistikoa indar dadin, arnasguneetan eta udalerri euskaldunetan komunitate sendoak eta konprometituak bermatzea lehenetsi dute.

Lurralde Estrategiak, epe laburrean, bi lanabes nagusi bultzatzea aurreikusten du. Lurgune euskaldunena sendotu eta babestuko duen marko legal egokia garatzea nahi du UEMAk, "judizializazioaren ondorioz sortutako oztopoak gainditzeko" eta eremu horretan "politika ausartagoak egiteko babes juridikoa" bermatzeko. Era berean, Lurgune Euskalduna Sendotzeko Plan Integrala diseinatzea aurreikusi dute. Plan horrek politika, estrategia eta ekintza multzo antolatuak biltzea du xede, erakunde publikoekin eta gizarte eragileekin lankidetzan. Zearretak adierazi du hurrengo urratsak izango direla diagnostikoa egitea, lehentasunak zehaztea, eta helburuak zein jarraipenerako eta ebaluaziorako bideak adostea.

Proposamena, irekia 

UEMAk gaur aurkeztu duen dokumentua proposamen irekia da. Aramendiren arabera, Euskal Herriko erakunde publiko, alderdi politiko, sindikatu eta gizarte eragileekin "partekatu eta aberastu" nahi dute estrategia gaurdanik, "oinarrizko adostasunik zabalenera" heldu nahian. UEMAk dagoeneko lotuta ditu bilerak, eta horiekin hasiko da estrategiaren oinarriak adosten. UEMAk lurgune euskaldunenaren etorkizuna bermatzeko "ardura eta erantzukizuna bere gain" hartuko du: "Helburua argia da: euskara nagusi den lurralde eremua babestea, sendotzea eta hedatzea, horren bidez euskararen indarberritzea hauspotzeko", esan du UEMAko lehendakariak.

Euskara indarberritzeko "borondate sendoenarekin lanean" ari diren beste hainbat eragile ere izan ditu gogoan Aramendik: "Euskalgintzak, esaterako, lan handia egin du azken hilabeteotan proposamen berriak mamitzen eta euskarak pizkunde berria behar duela jendarteratzen. UEMAk ere bat egin du ekimen horiekin, eta horregatik, horiek sendotzera eta zehaztera dator Lurralde Estrategia, beti ere arnasguneak eta udalerri euskaldunak ardatz estrategiko gisa hartuta, horrek euskarak behar duen pizkundeari eta indarberritzeari hauspoa emango dielakoan".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide