Berrehun lagunetik gora aritu dira dantzan minbizidun "piraten eta kapitainen" alde

Maddi Txintxurreta 2026ko otsailaren 22a

Aurreikuspen guztiak gainditu ditu Arroabeko zumba taldeak Zumaiako Lubaki kiroldegian antolatu duen Zumba beraiengatik jaialdi solidarioak. Berrehun lagunetik gora aritu dira dantzan edo jaialdiaz ikusle gisa gozatzen, eta horiek guztiek egindako ekarpen ekonomikoa Aspanogi elkarteak jasoko du.

Berrehun lagun baino gehiago aritu dira dantzan gaur Zumaiako Lubaki kiroldegian, Arroabeko zumba taldeak antolatutako Zumba beraiengatik jaialdi solidarioan. Antolatzaileek adierazi dutenez, ekitaldiak aurreikuspen guztiak gainditu ditu.

Arroabeko familia baten egoerak hauspotuta antolatu zuten gaurko ekitaldia. Naiara Lizarralderen (Aia, 1991) bi urteko alabari zelula argien giltzurrunetako sarkoma diagnostikoatu zioten, eta haren zumbako kideek izan zuten jaialdi solidarioa egiteko ideia

Dantzaldiaren une batean, Lizarralde oholtzara igo da, eta jaialdiaren nondik norakoak azaldu dizkie kiroldegia bete duten pertsonei. Eskerrak eman dizkie ekitaldian dantzari nahiz ikusle gisa parte hartzera animatu diren guztiei, baita gaur dinamizatzaile lanetan aritu diren Johnson, Berto, Darvin eta Tavo zumba irakasleei eta Jon Urbieta DJari ere.

Azaldu duenez, jaialdian bildutako dirua minbizia duten adingabeen familien bizi kalitatea hobetzeko lan egiten duen Aspanogi elkarteari bideratuko diote, Lizarralderen alabaren gisako "pirata eta kapitain" txikiei nahiz haien ingurukoei bidea errazteko helburuz. Hitzartzearen ostean, zumba irakasleekin batera dantza egin du Lizarraldek, eta minbizidun haurren aldeko gerri kolpeekin erantzun du jendetzak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide