Elkartasuna eta dantza, bide zailenak errazteko

Maddi Txintxurreta 2026ko otsailaren 18a

Karol Olangua, Naiara Lizarralde eta Amaia Corrales, Arroabean. (M. Txintxurreta)

Arroabean zumban aritzen den talde batek Zumba beraien alde izeneko saio solidarioa antolatu du iganderako Zumaian. Bildutako dirua haur minbiziarekin bizi diren familiak laguntzen dituen Aspanogi elkartearentzat izango da.

Txarrenean onena argiztatzeko grinez lanean ari dira Karol Olangua (Zumaia, 1977), Naiara Lizarralde (Aia, 1991) eta Amaia Corrales (Donostia, 1990). Zumba dantzatzera batzen dira astelehenetan Arroabeko eskola zaharrean, eta igandeko masterclass-aren azken hari muturrak lotzen ari dira, haiek baitira saioa antolatzen ari direnetako batzuk. Zumba beraien alde izena eman diote Zumaiako kiroldegian, 11:00etan hasita, egingo duten elkartasun jaialdiari.

Berri txar bat izan zen eskola magistral solidarioaren hazia. Naiara Lizarralderen alaba gazteenari minbizia diagnostikatu zioten 2025eko irailean. Ezkerreko giltzurrunean atzeman zioten koskorra Wilms tumorea zela pentsatu zuten medikuek hasieran, baina ebakuntza egin ostean ohartu ziren 2 urteko haurrak zuen gaitza askoz arraroagoa eta agresiboagoa zela. Azaroaren hasieran jaso zuen familiak bigarren diagnostikoa: zelula argien giltzurrunetako sarkoma.

Sintoma argirik ez zuen umeak, eta "sorpresaz" jaso zuten haurraren diagnostikoa; horregatik, egoera berria "asimilatzea" izan zen familiakoen lehenengo zeregina: "Segundo bakar batean, goitik behera alda daiteke bizitza. Beldurrarekin bizitzera ohitu beharko dugu, eta gizarteak bizitza normalera bueltatzeko presioa egiten duen arren, gure bizitza ez da inoiz normala izango", ohartarazi du Lizarraldek. Tratamenduak agintzen duen erritmora, prozesuan sortzen diren zailtasunetara eta ohiko birusak saihesteko hartu beharreko neurrietara doitu behar izan dute etxeko logistika guztia –bigarren diagnostikoa jaso zuenez geroztik, hiru-lau egunez ingresatzen dute beharrezko botikak har ditzan, eta bi asteko deskantsua hartzen du gero, atzera ere tratamendua jasotzeko–, tartean 4 urteko alaba zaharrenaren zaintza, eta aiarrak ez du egia ezkutatzen: "Oso gogorra da".

Tarteka begiak bustitzen zaizkie hiru solaskideei, baina argi dute beharrezkoa dela haur minbiziaren inguruan hitz egitea, gaitz arraroa bada ere, naturaltasunez tratatzea. "Tabuarekin hautsi behar dugu", aldarrikatu du Amaia Corralesek.

Prozesua zaila izanagatik ere, bidean aliatuak aurkitu ditu Arroabean bizi den familiak. 2 urteko haurra da horietan behinena, zeren, mahai bueltan elkartu diren hiru lagunek nabarmendu dutenez, "poza" ematen du hark egoerari aurre egiteko duen jarrera alaia ikusteak. "Muga batzuk dituen arren, bizitza normala egiten ari da", nabarmendu du haren amak. Bestalde, hainbat arroarrek erakutsi duten inplikazioarekin eskertuta dago Lizarralde. "Oso ondo portatzen ari dira gurekin. Alaba zaharrenarekin laguntzen digute, eskolan ere babestuta sentitzen gara... Auzo txikietan besteen zaintza gehiago baloratzen dela esango nuke", adierazi du.

Puntako jaialdia

Berri txar batek ereindako hazia besarkada batean ernamuindu zen, Naiara Lizarraldek zumbako kideei kontatu zienean haren 2 urteko alabak minbizia zuela. Karol Olanguak segituan jo zuen Jhonson Cruz zumba irakaslearengana, eta klaseko kide gehiagoren laguntzarekin, Arroabeko familiari nahiz haur minbiziak erasanda dauden gainontzekoei babesa eskainiko zien zumba jaialdia antolatzen hasi ziren. Hainbat astez ekitaldia prestatzen aritu dira buru-belarri, eta iganderako antolatu duten puntako saioarekin Aspanogi elkartearentzat dirua biltzeko helburua dute.

Karol Olangua, Naiara Lizarralde eta Amaia Corrales, igandeko ekitaldia prestatzen. (Maddi Txintxurreta)

Minbizia duten adingabeen familien bizi kalitatea hobetzeko lan egiten du Aspanogik. "Izugarrizko lana egiten dute", ziurtatu du Lizarraldek: "Laguntza psikologikoa ematen dute, ekintza sozialak egiten dituzte... Gure kasuan, adibidez, eskolara etorri ziren hitzaldi bat ematera eta haurrekin lantzeko material didaktikoa eskaini zieten irakasleei. Bestalde, laneko baimenak kudeatzen lagundu digute, ospitaleratze bakoitzeko dieta bat ematen digute gurasoetako bati egun horretan jan ahal izateko, irakasleak jartzen dituzte ospitalean edo etxera bidali behar duenarentzat...".

Hain zuzen ere, Aspanogirentzat ahalik eta diru gehien biltzea da igandeko zumba eskola magistralaren helburua, horregatik, puntako profesionalak ariko dira Zumaiako kiroldegian. Johnson Cruz izango da horietako bat, eta Bilbotik nahiz Madrildik etorriko dira gainontzekoak; Berto, Darvin eta Tavo. Olanguak segurtatu duenez, azken biek urte asko daramatzate zumbaren inguruan lanean, eta oso ezagunak dira mundu horretan. Bestalde, Jon Urbieta zumaiarra (DJon) arduratuko da ekitaldia musikarekin alaitzeaz. Antolatzaileek esan dute maila guztietara egokitutako saioa izango dela, beraz, edozeinek har dezakeela parte.

Sarrera aurrez erosiz gero (izen-abizenak zehaztuta ES31 0049 6087 1228 1613 0137 kontu zenbakira ordainketa eginda), bi ordu iraungo dituen saioan parte hartuko duten helduek 12 euro ordaindu beharko dituzte, 14 urtetik beherako haurrek 5 euro, eta ikusle gisa joan nahi duten herritarrek 4 euro. Egunean bertan ere izango da sarrera eskuratzeko aukera, 15 euroren truke. Bestalde, dohaintzak egin daitezkeela esan dute antolatzaileek.

"Denok bizi dezakegu"

Gerri kolpeen bitartez Naiara Lizarralderen eta antzeko egoera bizi dutenen familiak lagundu daitezkeela sinistuta, igandean Zumaiako zumba jaialdian parte hartzeko deia egin diete antolatzaileek herritarrei. "Denok bizi dezakegu horrelako egoera bat, eta denok nahiko genuke inguruko jendearen babesa izatea", nabarmendu du Olanguak. Hark esandakoarekin bat egin du Lizarraldek ere: "Haurren minbizia gaixotasun arraroa da, eta guraso bezala gerta dakigukeen gauzarik okerrenetakoa dela esango nuke. Beraz, bide zail horretan eusten zaituen jendea badago, bidea pixka bat errazago egin dezakezu. Hori da Aspanogik egiten duena".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide