24. Korrikaren aldeko mendi irteera antolatu du Urolako AEK-k hilaren 28rako

Andoni Elduaien 2026ko otsailaren 17a

Dozenaka lagun bildu ziren 23. Korrikaren alde 2024an egindako mendi irteerara. (Urolako AEK)

11:30ean elkartuko dira Azkoitiko, Azpeitiko eta Zestoako mendizaleak, Xoxoteko aterpetxean. Taldeko argazkia atera eta gero, hamaiketakoa egingo dute. Hamaiketakoan eskainiko dituzten pintxoak hartzeko txartelak aurrez eskuratu beharko dira. Dagoeneko salgai daude hiru herrietako zenbait gunetan.

Urolako AEK-k antolatuta, eta Azkoitiko Anaitasuna, Azpeitiko Lagun Onak eta Zestoako Agiro mendi taldeek lagunduta, 24. Korrikaren aldeko mendi irteera egingo dute hilaren 28an, Xoxotera. Izarraitz mendiaren azpiko hiru herrietatik abiatuta, Xoxoteko aterpetxean egingo dute euskararen aldeko egitasmoaren aldeko topaketa.

Herritik mendira abiatzen lehenak zestoarrak izango dira. 09:15erako jarri dute hitzordua Agiro mendi taldekoek Ondarbason. Aldiz, 09:30ean abiatuko dira Xoxotera Azkoititik eta Azpeititik; azkoitiarrek Balda plazan izango dute abiapuntua, eta azpeitiarrek, herriko plaza nagusian. Dena den, eta bide laburragoa egin nahi izanez gero, Aittolatik joateko aukera ere izango da. Ibilbide laburragoa egin nahi duenak, 10:00etarako azaldu beharko du Aittolako aparkalekura. 11:30ean elkartuko dira hiru herrietako ordezkariak Xoxote tontorrean, hango aterpetxearen bueltan. Aurrena, taldeko argazkia aterako dute, eta gero, hamaiketakoa egingo dute.

Mendi irteeran parte hartzeko, Urolako AEK-k azaldu du txartelak erosi behar direla aurrez, eta tontorrean jango den pintxoa ere aurrez aukeratu behar dela. Honako hiru aukera hauek eskaini ditu euskaltegiak hamaiketakoa egiteko: txorizo pintxoa (txartel gorria), patata-tortilla pintxoa (txartel horia) edo gazta pintxoa (txartel zuria). Modu horretan aurreikusiko dute AEK-ko ordezkariek zenbat taldek parte hartuko duten irteeran, baita aterpetxean zein mokadu eta zenbat lagunentzako prestatu beharko dituzten ere. 

Pintxoak erosteko txartelak 5,5 euroan salduko dituzte. Azkoitian, Lujan paper-dendan eta Zurt tabernan eskuratu daitezke; Azpeitian, Sanagustin kulturgunean eta Mendizaliek tabernan; eta Zestoan, Portalen. Dagoeneko eskuratu daitezke txartelak, eta horretarako aukera hilaren 26ra arte egongo da. Pintxoaz gain, edaria ere eskainiko diete mendizaleei.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide