Gaur eguerditik aurrera itxiko dute Beizama eta Nuarbe arteko errepidea

Nerea Uranga 2026ko otsailaren 13a

Gaur 14:00etatik aurrera eta "ziurrenik" hurrengo asteazkenera bitartean –otsailak 18–, trafikoa erabat moztuko dute, Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi duenez. Ondorioz, Bidania-Goiazko errepidetik egin beharko dira autoz Beizamatik Azpeitira edota Errezilera arteko joan-etorriak.

Hilabete inguru da GI-3720 errepidearen Beizama eta Nuarbe arteko zatia zabaltzeko eta hobetzeko lanak hasi zituztela. Errepide hori erabiltzen dutenek igarri dute lanen eragina, baina gaur bazkalondotik aurrera ezingo dute handik igaro. Izan ere, lanak egin ahal izateko, gaur 14:00etatik aurrera eta "ziurrenik" hurrengo asteazkenera bitartean –otsailak 18–, trafikoa erabat moztuko dute, Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi duenez.

Ondorioz, Bidania-Goiazko errepidetik egin beharko dira autoz Beizamatik Azpeitira –GI-3740 errepidetik, Urrakin barrena– edota Errezilera arteko joan-etorriak –GI-2634 errepidetik–. Hain zuzen ere, errepide mozketaren abisuak jarriko dituzte Beizamako irteeran, Nuarberako noranzkoan, GI-2634 errepidearekiko bidegurutzean; eta Nuarben, GI-2635 errepidearekiko bidegurutzean.

Martxo amaierara arte

Urtarrilaren erdian hasi zituen aldundiak Beizama eta Nuarbe arteko errepideko obrak, 190.413 euroko aurrekontuarekin, zorua zabaltzeko eta bide segurtasuna zein Beizamaren "konektibitatea" hobetzeko. Lan denak bukatzeko hiru hilabete beharko dituzte; beraz, aldundiak aurreikusitako epeak betetzen badira, martxo amaierarako bukatuko dituzte.

Aldundiak nabarmendu duenez, GI-3720 errepidea "funtsezkoa" da Beizamarako, eta, besteak beste, eskola garraioak zein inguruko enpresei eta ustiategiei zerbitzua ematen dieten kamioiek erabiltzen dute. Hain zuzen ere, bereziki ibilgailu astun horientzat oztopo diren bide zatiak hobetzeko ari dira lanak egiten. "Gaur egun, ibilgailuak gurutzatzea zaila da bihurgune jakin batzuetan. Horrela, maniobratzeko zailtasunak dituzten hiru bihurgunetan zabalguneak planteatzen ditu proiektuak", azaldu du foru erakundeak. Zehazki, Beizama eta Nuarbe arteko errepideko hiru zati ari dira zabaltzen: 0,7 eta 0,8 kilometroen arteko bide zuzena, eta 2,350 eta 2,450 kilometroetako bihurguneak. Bide bazterrak janda, harri-lubeta txikiak eraikita eta betelanak eginda zabalduko dituzte errepide zati horiek. Lan horiek bukatutakoan, berriz, bidea egonkortzeko eta drainatzeko obrak hasiko dituzte, errepidea hobetzeko eta seguruago izateko helburuarekin.

(Argazkiak: Gipuzkoako Foru Aldundia)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide