Iturriotztik Herniora kronoigoera antolatu dute otsailaren 21erako

Nerea Uranga 2026ko otsailaren 13a

Iazko Anttine Trail mendi lasterketan parte hartzaile bat. (Ataria.eus)

Asteasuko Anttine kirol eta kultur elkarteak antolatu du mendi lasterketa. Iturriotztik 10:00etan abiatuta, Hernioren tontorreraino igo beharko dute lasterkariek, lau kilometro eta 482 metro desnibel positiboko ibilbidea eginda. Otsailaren 17ra arte dago proban izena emateko epea zabalduta.

Aiako Iturriotztik Hernioko tontorrerainoko Anttine Trail mendi lasterketa antolatu du Asteasuko (Gipuzkoa) Anttine kirol eta kultur elkarteak otsailaren 21erako (larunbata). Erlojuaren kontrako proba da eta banaka irtengo dute korrikalariek, lau kilometroko eta 482 metro desnibel positiboko ibilbidea egiteko. 10:00etan hasiko da lasterketa.

Probarako izen ematea urtearen hasieran ireki zuten eta datorren astearteko 20:00ak arte eman daiteke Kirolprobak.com webgunean. Behin izena emateko epea bukatutakoan, antolatzaileek zozketa egingo dute parte hartzaile bakoitzak noiz irten beharko duen erabakitzeko. Irteeran lasterkari bakoitzetik bestera 40 segundoko aldea utziko dute. 

Azken korrrikalaria Hernioko tontorrera iritsi ondoren, Zelatunen txorixo pintxoa eta salda dastatzeko aukera izango dute lasterkariek, eta bertan banatuko dituzte sariak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide