Atzo, asteazkena, Eibarren (Gipuzkoa) aurkeztu zuten txirrindularien 2026ko Euskal Herriko Itzuliaren ibilbide ofiziala. Jakineko kontua da Itzuliaren azken etapan tropela Azkoititik birritan igaroko dela, baino atzo jakinarazi zuten bosgarren eta seigarren etapetan Urola Erdiko herri gehiago ere zeharkatuko dituztela txirrindulariek. Azkoititik, Azpeititik, Errezildik eta Zestoatik igaro beharko dute aurten kirolariek.
Apirilaren 10ean jokatuko duten bosgarren etapa izango da aurtengo aldiko garrantzitsuena –hura izendatu dute etapa erreginatzat–. Eibarren hasi eta Eibarren amaituko da lasterketa, eta bidean 176,2 kilometroko eta 3.841 metroko malda positiboa egin beharko dute. Egun horretan, Azurki mendatea (1. maila) igo beharko dute txirrindulariek, eta Madariagatik barrena, Azkarate mendatea jaitsi beharko dute. Handik iritsiko da tropela Azkoitiko herrigunera, eta saihesbidea baliatuta, Azpeitia aldera joko dute. Azpeitian zenbait kilometro eginda, Errezil aldera hartuko dute txirrindulariek; izan ere, Etumeta gaina (3. maila) egin beharko dute kirolariek egun horretan. Segidan, Zestoako Aizarna, Iraeta eta Arroabea auzoak lotuko dituzte txirrindulariek. Eskualdea utzita, Itziar aldera joko dute, Eibarren izango duten helmugarako bidea hartzeko.
Hurrengo egunean jokatuko dute probaren azken etapa, seigarrena. Antzuolan (Gipuzkoa) hasi eta Bergaran (Gipuzkoa) amaituko dute txirrindulariek 133,7 kilometroko etapa; 3.000 metroko malda positiboari egin beharko diote aurre kirolariek; guztira, sei mendate igo beharko dituzte: Asentzio (3. maila), Gorla (2. maila), Azkarate (3. maila), Gorla (2. maila), Azkarate (3. maila), Asentzio (2. maila). Hori hala, birritan igaroko dira txirrindulariak Elosutik, Azkaratetik eta herrigunetik.
Hona hemen bi etapen profilak:

