Zumarragako ospitaleko eraikin berriko obren aurrerapena dela eta, eraikinaren sarbide nagusia aldatu dute gaur, asteazkena. Ospitalerako ohiko sarrera itxi egin dute aldi baterako, eta aurrerantzean, ospitalearen beste aldean dagoen Goizalde eraikinaren aurrean dagoen kanpo kontsultetako sarreratik sartu beharko da.
Eusko Jaurlaritzako Osasun sailak adierazi duenez, aldaketaren helburua da pazienteen, laguntzaileen eta profesionalen segurtasuna bermatzea. "Proiektu horri esker, efizienteagoa, irisgarriagoa eta osasun-arretaren egungo beharretara egokitua izango da eraikin berria, asistentzia eskaintzeko eremu berriekin, larrialdietako hobekuntzekin eta kontsultetarako nahiz ospitalizaziorako espazio modernoekin", azaldu du erakundeak.
Eusko Jaurlaritzak eta Osakidetzak Goierri-Urola Garaiko ESIari dagokion –100.000 bizilagun inguru biltzen ditu— Zumarragako ospitalean egingo dituzten lanek 75 milioiko inbertsioa eragingo dute. Hala, ospitaleko bloke kirurgiko berria eraikiko dute 2028. urterako, arreta asistentziala indartzeko eta eskualdeko kirurgia zerbitzuak modernizatzeko.

Geralekua eta seinaleztapena
Obrek, baina, ez dute soilik ospitalerako sarreran eragingo. Garraio publikoko enpresekin koordinatuta, autobus geralekua ere ohiko sarrera nagusitik Goizalde eraikinaren parera lekualdatuko dute, ospitalerako sarbide zuzenagoa eta seguruagoa bermatzeko.
Era berean, Osasun sailak jakinarazi du eraikinaren sarrerarainoko oinezkoentzako ibilbide berria seinaleztatuta dagoela, eta hara iristeko arrapalak eta ibilbide irisgarriak egokitu dituztela, mugikortasun urriko pertsonen sarrera ziurtatzeko.