Euskalmetek alerta laranja ezarri du biharko, itsasaldeko arriskuagatik. Nabigazioari eragingo dio lehenengo bi milietan, gauerditik 18:00 arte –ondoren, eguna amaitu arte abisu horia egongo da–. 5-6 metroko olatuak espero dituzte, eta goizean 6-7 metro arterainokoak izan daitezke. Itsaso zakarra espero da, eta mendebaldeko haizea, 6-7-ko indarrarekin.
Olatuengatik eta haizeagatik abisu horia ere iragarri du euskal metereologia agentziak biharko, olatuena gauerdian hasi eta 18:00 arte, eta haizearena, berriz, gauerditik 09:00 arte; izan ere, haizeguneetan mendebaldeko haize boladek 100 kilometro orduko abiadura har dezakete. Haizeguneak ez diren lekuetan ere haize bolada gogorrak espero dira, 60-80 kilometro orduko boladekin.
Gaurko ere abisu horia dago iragarrita nabigazioko lehenengo bi milietarako. Abisua egun osoan egongo da indarrean.
Iragarpenaren harira, Orioko Udalak hondartzako dutxak kenduko ditu bihar, "segurtasunagatik". Herritarrei arretaz ibiltzeko ere eskatu die udalak.