Ilusio pertsonal batetik hasitako proiektu kolektiboa

Aritz Mutiozabal 2026ko urtarrilaren 28a

Min taldea Zestoan eskainitako kontzertuan. (Utzitakoa)

Talde ezberdinetan aritutako Urola Kostako bost musikarik bat egin dute Min proiektu berrian, eta martxoan estreinako diskoa emango dute argitara.

Eskarmentu handiko Urola Kostako hainbat musikarik Min taldea sortu berri dute, eta aurki haien lehen diskoa lau haizetara zabalduko dute. Kanpotik begiratuta anbizio handiko proiektu bat dela dirudien arren, su txikian egosten joan den norbanako baten ilusioa izan da abiapuntua. "Duela bizpahiru urte hasi nintzen konposatzen, etxean, eta hasierako ideia izan zen sortutako abesti horiek estudio batean grabatzea", adierazi du Ion Brakamonte taldekideak. Hasieran, asmo handirik gabe ekin zion sormen prozesuari. Aspaldian ezer berririk egin gabe zegoela eta, gitarrarekin gauzak sortzen hasi zen, baina proiektua mamitzen joan ahala, estudioan grabatzeko gogoa piztu zitzaion. Orduan, argi ikusi zuen musikariak behar zituela prozesua aurrera eramateko. "Dena luze joan da, zaila izan delako musikariak topatzea. Hango zein hemengo jende ugarirekin egin genituen probak, eta kostatuta, baina, azkenan, Urola Kostako bost lagun elkartu ginen".

Hasiera batean, estudioan grabatzea bakarrik zen helburua, baina bost musikari entsegu lokalean elkartu zirenean, zuzenekoak jotzeko harra piztu zitzaien, eta proiektu pertsonal izatetik, talde izaera izatera igaro zen egitasmoa. Hala, Min taldea ondorengo kide hauek osatzen dute: Maite Martiarena abeslaria eta teklatu jotzailea (Perlak), Suharri Aranburu abeslaria (Trini Fox), Ibon Telleria baxu jotzailea (Ankhar), Jon Sarasketa bateria jotzailea (The Grace of Dionysus) eta Ion Brakamonte gitarrista (Voltaia). "Guztiok beste talde batzuetan ibilitakoak gara, eta esperientzia badugu musikaren arloan. Bakoitzak bere ikuspuntua eta ukitua du, eta horrek ere erakargarritasuna ematen dio taldeari", zehaztu du Brakamontek.

Urrian grabatu zuten diskoa Zestoako Gaztain estudioan, Eñaut Gaztañaga teknikariaren gidaritzapean. Guztira, bederatzi abestik osatuko dute Min taldearen estreinako lana, eta errepertorioa osatzeko orduan aukeraketa bat egin dutela jakinarazi du Brakamontek, hasierako sormen prozesuan hamalau abesti ondu baitzituen. "Disko izaera hartzeko, hautaketa bat egin genuen, eta entsegu lokalean moldaketa batzuk ere gauzatu genituen kide guztion artean, egitura aldetik eta abar", zehaztu du gitarristak.

"Niretzako erronka polita izan da, ez baineukan berriro musika talde bat sortzeko asmorik. Zazpi urte igaro dira Voltaia taldearekin azken kontzertua eman nuenetik, eta, gainera, nire musika ekipamendu gehiena salduta neukan. Etxean hasi nintzen poliki-poliki, inspirazioak harrapatu ninduen, eta honaino iritsi gara", nabarmendu du taldekideak.

Aurrerapen abestiak

Martxoaren lehen astean emango dute argitara diskoa, eta Brakamontek aditzera eman duenez, boskotearen debuteko lanak ez du izenbururik eramango; disko homonimoa izango da. Urtarrilaren erdialdean Haizea dabil aurrerapen abestia kaleratu zuten plataforma digital guztietan, taldearen aurkezpen gutun gisa, eta otsailaren hasieran, bigarren abesti bat igoko dute sareetara. "Abesti bakoitzak bere nortasuna duen arren, elkarren artean borobildu egiten dira. Denetarik topa daiteke diskoan. Egia da rock gogorra presente dagoela, baina kantatzeko moduan rapa ere ageri da; esaterako, Haizea dabil abestian. Gitarran distortsioa nabari da, baina nahiko garbi sartuta dago. Pop ukituak ere baditu", entzuleak topatuko duenaren berri eman du taldekideak.

Abenduaren 20an eskaini zuen Min taldeak lehen kontzertua Zestoako gaztetxean, Gailu taldearekin. Epe laburrera, Azkoitian joko dute, otsailaren 7an, Urola Erdiko Gazte Asanbladen Topaketetan; plazako frontoian izango da emanaldia, 19:00etan hasita, Eraldatzen eta Derrunbe taldeekin batera. Ondoren, martxoaren 13an, Tolosako (Gipuzkoa) Bonberenean izango dute hitzordua.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide