Zumba saioa antolatu dute Zumaian, minbizia duen Arroabeko haur bati ekartasuna adierazteko

Maddi Txintxurreta 2026ko urtarrilaren 27a

Hainbat lagun zumba saio batean parte hartzen, Zumaian. (Juan Luis Romatet)

Arroabeko zumba taldearen ekimenez, Zumba beraien alde izeneko saioa antolatu dute otsailaren 22rako Zumaian. Ekimen horrekin bilduko duten diru guztia Aspanogi elkartera bideratuko dute. 

Minbizia duen Arroabeko haur bati eta haren familiari elkartasuna adierazteko zumba saioa antolatu du auzo horretako zumba taldeak. Otsailaren 22an egingo dute master class saioa, Zumaiako kiroldegian, eta musika eta dantza uztartuko ditu ekitaldiak. 

Zumba beraien alde izena eman diote ekimenari, eta saio solidarioa izango da, izan ere, bilduko duten dirua Aspanogi (Gipuzkoako Minbizidun Adingabeen Familien Elkartea) elkartera bideratuko dute. Antolatzaileek azaldu dutenez, minbiziaren aurka borrokan ari den Arroabeko famila hori Aspanogiren babesa jasotzen ari da. Dantza eta kirola uztartuko dituen "minbiziaren aurkako elkartasun keinu kolektiboa" izango da otsailaren 22koa, nabarmendu dutenez.

Orotara, lau irakasle arduratuko dira otsaileko master class-a gidatzeaz. Johnson zumaiarra izango da horietako bat, eta Bilbotik nahiz Madrildik etorriko dira gainontzekoak; Berto, Darvin eta Tavo. Bestalde, Jon Urbieta zumaiarra (DJon) arduratuko da ekitaldia musikarekin alaitzeaz. Antolatzaileen arabera, maila guztietara egokitutako saioa izango da.

Ekitaldirako sarrerak eskuratu daitezke jada, izen-abizenak zehaztuta ES31 0049 6087 1228 1613 0137 kontu zenbakira ordainketa eginda. Saioan parte hartuko duten helduek 12 euro ordaindu beharko dituzte, 14 urtetik beherako haurrek 5 euro, eta ikusle gisa joan nahi duten herritarrek 4 euro. Egunean bertan ere izango da sarrera eskuratzeko aukera, 15 euroren truk. Bestalde, dohaintzak egin daitezkeela nabarmendu dute antolatzaileek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide