Aurten ere Urrak irabazi du Iraetako Errota Harria txapelketa

Aitziber Arzallus 2026ko urtarrilaren 25a

Zarauztarrak hamar minutuan 77 aldiz jaso du Iraetako Errota Harria, 107,2 kilo pisatzen dituen bola. Aimar Irigoienen 79 altxaldiko marka berdintzetik gertu ibili da, baina ez du lortu. Gaurkoan, bigarren, Beñat Telleriak egin du Errota Harria 74 aldiz jasota, eta hirugarren Xabat Olaizolak, 72 aldiz jasota.  

Kanpoan eguraldi petrala egiten zuen arren, Iraetako frontoian giroa bero egon da gaur arratsaldean. Santa Ines jaietan ohitura duten legez, Errota Harria txapelketa jokatu dute, eta gaurkoan ere Mikel Lopetegi Urra zarauztarra izan da txapela jantzi duena, nahiz eta ez duen lortu Aimar Irigoien errezildarrak bere garaian ezarritako marka hausterik.

17:30etan ekin diote jaialdiari, eta harmailak ikuslez goraino beteta zirela, sei harri jasotzailek parte hartu dute lehian; honako hauek: Xuban Zumeta, Oskar Aguas, Jon Gisasola Zelai V.a, Xabat Olaizola, Beñat Telleria eta Mikel Lopetegi Urra. Iraetako Errota Harriari –107,2 kilo pisatzen dituen bola– bost minutuan ahalik eta altxaldi gehien eman dizkiote bost kirolariek, eta altxaldi gehien egin dituzten hirurek egin dute aurrera. Hauek izan dira: Olaizola 37 jasoaldirekin, Telleria 39rekin, eta Urra 41ekin. 

Bigarren txandan, gauza bera egin behar izan dute; bost minutuan ahalik eta gehienetan jaso 107,2 kiloko bola. Olaizolak eta Telleriak 35na altxaldi egin dituzte, eta Urrak 36 eman dizkio. Horrenbestez, guztira 77 jasoaldi eginda, Urra izan da arratsaldeko txapelduna. Olaizolak 72 egin ditu guztira, eta Telleriak, 74. Urrak ez da urruti ibili Aimar Irigoien errezildarrak bere garaian egindako 79 jasoaldiko marka berdintzetik, baina, azkenean, ez da gai izan. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide