Langabetuak kontratatzeko diru laguntzak eskatzeko epea datorren larunbatean amaituko da

Mireia Galarza Bastida 2026ko urtarrilaren 25a

UKUEren egoitza.

208.282 euro bideratu ditu Udal Elkarteak deialdira, eta helburua da tokiko enpresei "baliabide ekonomikoak eskaini" eta "enplegu politika aktiboak indartzea". 

Urola Kosta eskualdeko langabetuak kontratatzeko enpresei zuzendutako diru laguntza deialdia iragarri zuen Urola Kosta Udal Elkarteak (UKUE) abendu erdialdean, eta horiek eskatzeko epea amaituko da datorren larunbatean, hilak 31. Laguntza hauen helburua da baliabide ekonomikoak ematea Aia, Getaria, Orio, Zarautz edota Zumaiako tokiko enpresei Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan langabean eta enplegu eskatzaile gisa izena emanda dauden eskualdeko pertsona langabeak kontratatzeko. Aldi berean, "enplegu politika aktiboak indartzea" du xede diru laguntza lerroak.

Guztira, 208.282 euroko diru partida gorde dute deialdi horretarako, eta kopuru hori UKUEk kudeatuko badu ere, Lanbidek ezarritako baldintzak bete beharko dituzte eskatzaileek. Mankomunitateak azaldu du "hainbat kolektibori zuzendutako" 25 kontratazio finantzatuko dituztela.

2025. urtean zehar egindako kontratazioak finantzatuko dituzte laguntza horien bidez, gehienez 25. Laguntza jaso ahal izateko, kontratu mugagabeak izan beharko dute, eta gutxienez %50eko lanaldikoak. 8.000 eta 10.000 euro arteko kopuruak jasoko ahal izango dituzte enpresek, "kontratuaren eta kontratatzen den pertsonaren ezaugarrien arabera". Eskaerak eta erantsi beharreko dokumentazioa bitarteko elektronikoak erabiliz aurkeztu behar dela ere azaldu du UKUEk, haren egoitza elektronikoaren bitartez. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide