Martxoaren 17ko grebara batzeko deia egin dute LABeko ordezkariek

Julene Frantzesena 2026ko urtarrilaren 22a

LABeko langileen ordezkari hainbat gaur, Azoka Plazaren aurrean. (LAB)

Hego Euskal Herrian hainbat sindikatuk deitu dute grebara egun horretarako, 1.500 euroko lanbide arteko gutxieneko soldata propioa eskatzeko. Gaur greba lantzeko bilera egin dute LABeko eskualdeko langileen ordezkari hainbatek, eta adierazi dute datozen asteak lantokiz lantoki grebaren lanketan sakontzeko baliatuko dituztela.

Hainbat sindikatuk martxoaren 17rako greba deialdia egin dute Hego Euskal Herrian, 1.500 euroko lanbide arteko gutxieneko soldata propioa eskatzeko, eta LAB sindikatuko ordezkariek grebara batzeko deia egin diete herritarrei gaur Azpeitian argazkia aterata. Lan eta bizi baldintzak hobetzeko "burujabetza handiagoa" behar dela esan du LABek, eta mobilizatzeko hamaika motibo daudela argudiatu.

Hain zuzen ere, grebaz hitz egiteko eta egun horren bueltako lanketa egiteko batzarra egin dute LABeko langileen eskualdeko ordezkariek gaurkoan; Azpeitiko Azoka Plazaren goiko solairuan elkartu dira. Haiek esan dutenez, datozen asteak lantokiz lantoki grebaren lanketan sakontzeko unea izango dira. Izan ere, LABek langileentzako gutxieneko soldata propioa lortzeko eta soldatak hobetzeko aldarrikapenarekin lantokiak husteko eta kaleak betetzeko deia egingo du. Gainera, Venezuelako herriari elkartasuna adierazi diote, "eraso kolonialisten eta inperialisten" aurrean.

LABek azaldu duenez, grebarako arrazoirik ez da falta, bizitza garestitu den arren, soldatak ez direlako neurri berean igo. "Langileok erosahalmena galdu dugu. Soldatek 2008ko pisua berreskuratuko balute, 1.523 milioi euro gehiago jasoko genituzke. Kantitate horren herena nahikoa litzateke gutxieneko soldata bermatzeko", adierazi dute sindikatuko kideek.

Haien arabera, Euskal Herriko errealitatera egokitutako gutxieneko soldata behar dute, gaur egungo soldatek ez baitute oinarrizko gastuei aurre egiteko aukera ematen. "Patronalak uko egin dio gutxieneko soldata negoziatzeari. CENek eta Confebaskek uko egin diote lanbidearteko akordioa adosteko mahaia eratzeari. Era berean, Herri Ekimen Legegilearen (HEL) bideari bizkarra eman dio EAJ-PSEren Jaurlaritzak, PP eta VOX bidelagun hartuta baztertu egin baitu 138.495 herritarrek babestutako HELa", gaineratu du LABek. Halaber, aurrez pentsiodunen herri ekimenarekin ere gauza bera egin zutela gogorarazi du.

Sindikatuaren aburuz, eremu pribatuan nahiz publikoan "etengabe erasotzen" dira langileen soldatak, eta salatu du orain "absentismoaren mantrarekin" ari direla murrizketa berriak inposatzen. Horregatik, greba egunean langileei daukaten indarra erakusteko deia egin diete ordezkariek, hainbat helburu lortzeko: "1.500 euroko gutxieneko soldataz gain, arrakala matxista eta arrazista murriztea, soldata guztiak igotzea, enpresetan eta sektoreetan soldatak hobetzea, gutxieneko pentsioak eta prestazioak igotzea, sortzen den aberastasuna justuago banatzea, soldatak bertan erabakitzea nahiz Eusko Jaurlaritzak gutxieneko soldataren eskumena eskuratzea".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide