Arrantza sektorean hautsak arrotu dituzte Europar Batasunak ezarritako kontrol arau berriek. Horien artean dira arrantzaontziek porturatzeko abisua lau ordu lehenago eman behar izatea, eta harrapaketen erregistroa zero kilotik egin behar izatea, hau da, pisaketak arrantzan ari diren unean bertan hastea. Neurri horien aurkako desadostasuna adierazteko, kofradiek jarduera eten dute gaur, eta arrantzaontziak ez dira portutik atera.
Kofradien protesta ekintzek, hasiera batean, 24 orduko iraupena izango dute, eta Getariako Elkano Kofradiako presidente Emeterio Urrestiren arabera, flota berriro itsasoratuko da bihar. Sektorea Espainiako Gobernuarekin bilduko da gaur arratsaldean Madrilen, eta han entzundakoaren arabera erabakiko du etorkizunean beste neurririk hartuko dituzten edo ez.
Urrestiren esanetan, Bruselatik datozen neurri berriek, "gauzak erraztu beharrean, zaildu egiten dituzte", eta azaldu du arrantza munduko egoneza "inspekzio arau berriez haratago" dagoela. "Baldintzak ahalik eta errazenak izatea nahiko genuke".
Europar Batasunak ezarritako neurrien artean dago porturatzeko abisua lau ordu lehenago ematea. Baxurako eta alturako ontziei bakarrik ez, neurri horrek kostaldetik hurbil arrantza egiten duten ontzi txikiei ere eragingo diela azaldu du Getariako Kofradiako presidenteak. "Pertsona bat edo bi aritzen dira ontzi horiek kostaldetik hurre egiten dute arrantza, portutik ordu erdi edo ordubete ingurura". Bere ustez, ontzi horien kasuan ez du zentzurik porturatzeko abisua lau ordu lehenago eman behar izateak.
Zero kilogramo izena jarri diote Bruselatik helarazitako beste neurri bati. Porturatzean pisatu baino, pisaketak ontziak mugimenduan daudela eta arrantzatzen ari direla hastea proposatzen du arau horrek. Arrantzaleen arabera, aipatu araua errealitatetik kanpo dago.
Sektorea ezagutzeko deia
Urrestiren esanetan, "gauzak bere neurrira egin behar dira", eta lehen sektorea –nekazaritza barne– ezagutzeko gonbidapena luzatu du. Neurriak hartzekotan, "sektorearekin hitz eginda eta adostuta" hartu behar direla nabarmendu du Getariako Kofradiako buruak. "Jaitsi daitezela lurrera, sektorea ezagutu dezatela, eta orduan hartu ditzatela erabakiak", eskatu du.