"Herri batek pertsona bat omentzen badu, hark herriaren alde zerbait egin duelako izango da". Jon Ander Azpiroz Aiako alkateak Joxe Inazio Saizar Lusarbe-ri eskaini dizkio hitzok gaur, igandea, jendez betako Probalekuan harri-jasotzailea omentzeko egin duten ekitaldian.
Bizitza harriak jasotzen nahiz epaile lanetan eman duen oriotarrak merezitako aitortza jaso du hiru orduko iraupena izan duen erakustaldian. 24 harri-jasotzailek parte hartu dute, eta historiadun harriak eraman dituzte bizkarrera: behinola Lusarbek jaso zituen berberak. Garrantzitsuena, baina, 202 kiloko harriarekin egindako erakustaldia izan da, pieza harekin lortu baitzuen Lusarbek 1989ean gaur arte inork gainditzerik izan ez duen marka: bere pisua (66 kilo zituen orduan) halako hiru zituen harria altxatzea.
Iñaki Perurena harri-jasotzaileak egin ditu Aiako Udalak antolatutako ekitaldiko esatari lanak, eta hark eskatuta, 202 kiloko harria sorbaldara eraman zuenekoa kontatu du Lusarbek. "70 kilora jaitsi eta 210 kiloko harria altxatzeko erronka bota zidan batek. Harria lortu genuen, baina ez zuen gora egiten. Hiru urte pasatu nituen gora eta behera, baina ezer ez. Garai hartan Iparraldean asko ibiltzen ginen, eta udara nahiko nekatuta bukatu nuen. Hiru aste-edo pasatu nituen atseden hartzen, eta sasoia sumatu nuenean, berriro heldu nion harriari. Ostras, hau jaso dezaket! Baskulan jarri nintzen; 67 kilo eskas nituen. Eta anaiari esan nion: 'Bihar etorri entrenatzera'. Etorri zen, eta jaso nuen", esplikatu du.
Ustekabeko bat ere izan da Probalekuan. Xabier Aranburu Guzta eta Jokin Eizmendi harri-jasotzaileek bien artean altxatu dute 250 kiloko harria, eta Eizmendik sorbaldara altxatu duen unean, lurrera erori da pieza erraldoia, baita harri-jasotzailea bera ere. Zorionez, harriaren kolperik ez du jaso, eta min hartu duen arren, lesio larririk ez duela izan jakinarazi dute antolatzaileek.
Joxe Inazio Saizarren familiak harriari lotuta segitzen duela erakutsi dute ekitaldiaren amaiera aldera, harri borobilarekin atrebitu baitira haren hiru biloba; Alex, Andoni eta Unai. Harri desberdinekin hainbat kirolarik egindako erakustaldiaz gain, musika, aurreskua –ilobak– eta bertsoak eskaini diete Lusarberi, eta opari pila bat jaso ditu ekitaldiaren amaieran. Egun 75 urte dituen Orioko harri-jasotzaileak, berriz, esker hitzak izan ditu ekitaldian parte hartu duten guztientzat.