Eskualdeko hamabost taldek parte hartuko dute Gipuzkoako Herriarteko Bertso Txapelketako lehen fasean

Julene Frantzesena 2026ko urtarrilaren 16a

Mikrofono bat.

Gipuzkoako Herriarteko Txapelketaren lehen fasea eskualdeka egingo dute. Urola Erdian datorren ostiralean hasiko dira saioekin; zazpi talde ariko dira lehian. Urola Kostan, berriz, otsailaren 6an ekingo diote faseari, eta zortzi talde ariko dira finalerako txartela eskuratzeko lehian. Behin lehen fasea bukatuta, Gipuzkoa mailara igaroko da txapelketa. Bertsozale Elkarteak larunbatean aurkeztuko du txapelketa.

Bertsozaleek hitzordu berezia izango dute datozen hilabeteetan Gipuzkoan: Herriarteko Txapelketa. Hain zuzen ere, lurraldeko eskualdez eskualde jokatuko dute lehiaren lehen fasea, eta Urola Erdian nahiz Urola Kostan ere izango dira bertso saioak. Izan ere, eskualdeko hamabost taldek parte hartuko dute aurreneko fasean.

Eskualdeka antolatu dituzte lehen faseak, eta Urola Erdian nahiz Urola Kostan aparte egingo dute sailkapen saioak. Hain zuzen ere, Urola Erdiko kanporaketa fasea Erniarraitz bertsozale elkarteak antolatu du, eta Azpeitiko, Azkoitiko, Errezilgo zein Zestoako zazpi talde ariko dira lehian; Urola Kostan, berriz, zortzi talde: Zarauzko lau, eta Zumaiako, Getariako, Aizarnazabalgo eta Orioko bana. Urola Erdiko sailkapen fasea datorren ostiralean –urtarrilak 23– hasiko da, eta Urola Kostakoa, aldiz, otsailaren 6an.

Aste Santu aurretik egingo dituzte eskualdekako lehen faseak, eta gero ekingo diote bigarren faseari, hau da, Gipuzkoa mailakoari. Dena den, Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak larunbatean emango ditu Herriarteko Txapelketaren gaineko xehetasunak, Villabonan egingo duen aurkezpenean.

Hilaren 23an, Zestoan

Urola Erdia izango da Herriarteko Txapelketa azkarren hasiko duten eskualdea. Urtarrilaren 23an izango da lehen saioa, eta martxoaren 13an finala. Zazpi taldek eman dute bertso demarako izena; Azkoitiko bik, Azpeitiko hiruk, Azpeiti-Errezilgo batek eta Zestoako batek.

Zazpi talde horiek Zestoako Harresi (urtarrilaren 23an), Azkoitiko Zurt (urtarrilaren 30ean) eta Azpeitiko Korrale (otsailaren 6an) tabernetan egingo dute debuta (22:00). Saio horien irabazleak otsailaren 20an Errezilgo Borondegin eta hil horren 27an Aizpurutxoko Itziar jatetxean egingo dituzten bertso afarietan (20:30ean izango dira horiek) ariko dira finalerako txartelaren bila. Hain zuzen, martxoaren 13an izango da finala, Azpeitiko Charles Chaplin tabernan, 22:00etan.

Otsailean, Urola Kostan

Urola Kostako sailkapen fasea, berriz, otsailaren 6an hasi eta martxoaren 14an bukatuko da. Kanporaketa saioak nahiz finalerdiak bertso afari formatuan egingo dituzte, eta finala, berriz, prestatu duten Bertso Egunaren bueltan egingo dute.

Aurreneko saioa Aian izango da, Andatzako elkartean, otsailaren 6an; bigarren saioa hilaren 13an Zumaian egingo dute, San Migel elkartean; hirugarrena otsailaren 20an, Aizarnazabalen izango da, Mikel elkartean; eta laugarren eta azken saioa, berriz, Getariako Askizu auzoko elkartean egingo dute.

Saio horietako talde irabazleak finalaurrekoetara sailkatuko dira. Martxoaren 6an egingo dituzte horiek, Zarauzko Hiruputzu Gaztetxean; 19:00etan egingo dute aurreneko finalerdia, eta afaldu eta gero gauzatuko dute bigarrena. Bi saio horietako garaileak ariko dira finalean kantuan. Eskualdeko bertso eguna izango da martxoaren 14an Orion, eta egun horren baitan egingo dute finala: Etxeluze gaztetxean izango da, bazkaldu eta gero.

Urola Kostako saio guztietarako sarrerak bertsosarrerak.eus webgunean jarriko dituzte salgai, eta antolatzaileek azaldu dutenez, saioa egingo duten elkarteetan ere bai, kasu batzuetan.

Hamabost talde, orotara

Hona hemen Urola Erdiko nahiz Urola Kostako sailkapen fasean ariko diren taldeak eta horietako partaideak:

Urola Erdiko taldeak:

  • Astuk alineaute (Azkoitia): Asier Garate Txibilter, Iñaki Tolosa eta Eneritz Artetxe bertsolariak; Irati Artetxe gai jartzailea; eta Ugaitz Beristain eta Jokin Sudupe epaileak.
  • Jokin biyokin (Azkoitia): Unai Izagirre, Jon Izagirre, Jokin Landa eta Xabier Aldalur bertsolariak; Jon Ander Iriondo gai jartzailea; eta Odei Labiano epailea.
  • Zaharrak berri (Azpeitia): Leire Ostolaza, Beñat Lizaso, Jokin Uranga eta Haritz Etxeberria bertsolariak; Oihana Elduaien gai jartzailea; eta Ohiana Aranguren epailea.
  • Igerilari Artifizialak (Azpeitia): Jon Odriozola, Joanes Azpillaga eta Oier Etxeberria bertsolariak; Jon Iriarte gai jartzailea; eta Xabier Azpillaga epailea.
  • Eguterakuk (Azkoitia-Errezil): Naia Arrizabalaga, Julene Iturbe eta Haritz Garmendia bertsolariak; Leire Lizarralde gai jartzailea; eta Manuel Agirretxe epailea.
  • Txemaizterrak (Azpeitia): Jon Gurrutxaga, Suhar Gesalaga eta Oihana Labiano bertsolariak; Ane Iriondo gai jartzailea; eta Miren Ezama epailea.
  • Erralla (Zestoa): Gorka Olaizola, Oskar Alberdi eta Aitor Salegi bertsolariak; Aitor Zabala gai jartzailea; eta Joritz Zinkunegi epailea.

Urola Kostako taldeak:

  • Allepunta (Zarautz): Julen Zulaika, Hodei Iruretagoiena eta Felix Zubia bertsolariak; Ibon Aristi gai jartzailea; eta Elisa Iztueta epailea.
  • Errikotxia (Orio): Inhar Gastiain, Ganix Miner, Iker Gurrutxaga, Iñaki Gurrutxaga, Xabier Sukia eta Egoitz Eizagirre; Maddi Etxeberria, Jone Arruabarrena eta Ibai Esoain gai jartzaileak; eta Xabier Iribar eta Mikel Iruretagoiena epaileak.
  • Zumaia (Zumaia): Irati Arakistain, Urko Arakistain eta Joar Garate bertsolariak; Iban Narbaiza gai jartzailea; eta Asier Arakistain epailea.
  • Andraseñorak (Zarautz): Joane Aldalur, Irati Tolosa, Uxue Alkorta eta Aner Peritz bertsolariak; Jone Lizarralde gai jartzailea; eta Maddi Iruretagoiena epailea.
  • Joxe Jimenezen kasta (Aizarnazabal): Iban Gorriti Beltza, Aritz Hernandez Larrume eta Markel Eizagirre bertsolariak; Leire Iruretagoiena gai jartzailea; eta Egoitz Zulaika epailea.
  • Sendabelarrak (Zarautz): Iñigo Mantzizidor Mantxi, Aritz Aranburu Anbu, Aimar Sorazu eta Nahikari Gabilondo bertsolariak; Onintza Garcia gai jartzailea; eta Unai Muniain epailea.
  • Arrai nahastua (Getaria): Amets Aizpurua, Libe Goenaga, Danel Olano eta Egoitz Aizpuru bertsolariak; Uxune Areizaga eta Ane Ezenarro gai jartzaileak; eta Nerea Kamio epailea.
  • Zarauzko gazte jendia (Zarautz): Jakes Etxeberria, Mateo Larraza, Andoni Aranberri eta Adei Urbitarte bertsolariak; Ixone Ayerbe gai jartzailea; eta Itxaso Irastorza epailea.

Egutegia, zehaztuta

Honako hau da otsailetik martxoaren erdira bitartean Urola Erdian eta Urola Kostan jokatuko duten fasearen egutegia.

Urola Erdiko hitzorduak:

Urtarrilak 23, ostirala. 22:00etan hasita, Erraila eta Igerilari Artifizialak taldeak, Zestoako Harresi tabernan.

Urtarrilak 30, ostirala. 22:00etan hasita, Jokin Biyokin eta Astuk Alineaute taldeak, Azkoitiko Zurt tabernan.

Otsailak 6, ostirala. 22:00etan, Eguterakuk, Txemaizterrak eta Zaharrak Berri taldeak, Azpeitiko Korrale tabernan.

Otsailak 20, ostirala. 20:30ean, Zestoako eta Azpeitiko saioetako talde irabazleek jokatuko dute lehen finalaurrekoa, Errezilgo Borondegi jatetxean.

Otsailak 27, ostirala. 20:30ean, Azkoitiko saioaren talde irabazleak eta Azpeitiko saioko bigarren sailkatuak jokatuko dute bigarren finalaurrekoa, Aizpurutxoko Itziar tabernan.

Martxoak 13, ostirala. 22:00etan, Errezilgo eta Aizpurutxoko saioetako irabazleek jokatuko dute finala Azpeitiko Charles Chaplin tabernan.

Urola Kostako hitzorduak:

Otsailak 6, ostirala. 20:30ean, Allepunta eta Errikotxia taldeak, Andatzako (Aia) elkartean.

Otsailak 13, ostirala. 20:30ean, Zumaia eta Andraseñorak taldeak, Zumaiako San Migel elkartean.

Otsailak 20, ostirala. 20:30ean, Joxe Jimenezen Kasta eta Sendabelarrak taldeak, Aizarnazabalgo Mikel elkartean.

Otsailak 27, ostirala. 20:30ean, Arrai Nahastua eta Zarauzko Gazte-jendia taldeak Askizuko (Getaria) elkartean.

Martxoak 6, ostirala. 19:00etan, finalaurrekoak Zarauzko Hiruputzu gaztetxean.

Martxoak 14, larunbata. Bertso Eguna, Orion. Bertso poteoa, bazkaria eta finala egingo dituzte. Bazkaria eta finala Etxeluze gaztetxean izango dira.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide