Ikusgai da 'Urola Erdia ispiluaren aurrean' kanpainako hirugarren bideoa

Maddi Txintxurreta 2026ko urtarrilaren 15a

Urola Erdia ispiluaren aurrean kanpainaren hirugarren spotak bertako produktuak erostearen garrantzia eta abantailak nabarmentzen ditu. Urola Erdiko herritarrek egunerokoan hartzen dituzten erabakiek etorkizunean zer eragin izan dezaketen azaleratzea da kanpainaren helburua.

Bertako eta sasoiko produktuak erostearen garrantzia nabarmendu dute Urola Erdiko sei udalerriek Urola Erdia ispiluaren aurrean kanpainaren baitan kaleratutako hirugarren spotaren bitartez. Azkoitia, Azpeitia, Beizama, Errezil, Zestoa eta Aizarnazabal herrietako udalek sustatutako kanpaina horren bidez, eskualdeko herritarrak erronka sozialez eta ingurumen erronkez hausnartzera bultzatu nahi dute.

Kaleko panelen, esku-orrien eta ikus-entzunezkoen edo spoten bidez ari dira sei herrietako udalak kanpaina zabaltzen, eta horretarako, bost ardatz hartu dituzte aintzat: energia eta klima; mugikortasuna; lehen sektorea eta tokiko ekonomia; paisaia eta biodibertsitatea; eta eguneroko erabakiak nahiz komunitatea.

Gaur, osteguna, zabaldu duten bideoan, bertako eta sasoiko produktuak erosteak dituen abantailak agertzen dizkio erosketak Azkoitiko merkatuan egin dituen herritar batek supermerkatutik datorren beste bati.

Joan den asteazkenean, abenduak 31, zabaldu zuten kanpainaren aurreneko bideoa, eta urtarrilaren 8an bigarrena

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide