Arroagoia eta Iraeta arteko bidegorri zatiaren proiektua onartu du Diputatuen Kontseiluak

Juan Luis Romatet 2026ko urtarrilaren 15a

Iraetako tunela. (Mailo Oiarzabal)

Brinkola eta Zumaia arteko bidegorria osatzeko falta den zatia egiteko proiektua onartu berri du aldundiak. Lanak ez ditu oraindik lizitatu eta esleitu. Jose Ignacio Asensio diputatuak joan den udan esandakoaren arabera, bailarako bidegorria 2026. urte amaierarako edo 2027.aren hasierarako bukatuta egongo da. 

Urola bailarako bidegorria osatzeko beste pauso bat eman du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Diputatuen Kontseiluak bilera egin zuen herenegun, eta hartutako erabakien artean, bidegorriaren Arroagoia eta Iraeta arteko zatiaren proiektuaren onarpena egon zen. Proiektua onartu badute ere, lanak ez daude ez lizitatuta, ez esleituta. Behin pauso horiek emandakoan, aldundiak ekitaldi bat antolatuko duela jakin du Gukak. 

Arroagoia eta Narrondo arteko zatia egiteko lanak abian dira iazko uztailetik, eta Arroagoia eta Iraeta arteko zatia egitea faltako litzateke Urola bailara josiko duen bidegorri sarea amaitzeko. Bi auzo horien artean dauden Urolako tren zaharraren tunelak egonkortzeko lanak gauzatu dituzte dagoeneko, eta txirrindulariek zein oinezkoek erabiliko duten bidea egiteko proiektua onartu dute orain. Lanen hasiera data oraindik ez dute iragarri, baina Jose Ignacio Asensio Jasangarritasun diputatuak pasa den udan adierazitakoaren arabera, lanak bere osotasunean 2026aren amaierarako edo 2027aren hasierarako bukatuta egongo dira. 

Behin lanak amaitzen dituztenean, Brinkola (Gipuzkoa) eta Zumaia arteko 45 kilometroko bidegorriak lotuko ditu kostaldea eta Urola Garaia. 1988an egin zuen azken bidaia Urolako trenak, eta hamar urte geroago hasi ziren haren trazadura egokitzen bide berde izateko. Zumarragatik Iraetara arteko bidea amaituta, Iraeta eta Narrondo arteko zatian kateatuta egon da urte askoan proiektua, bizilagunen kezka eta haserrea eraginez.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide