Errezilgo hainbat bizilagunek sinadura bilketa jarri zuten martxan joan zen abenduan Ura Uraren Euskal Agentziak haiei helarazitako gutunen harira. Sinadurak bildu ez ezik, eskaerak ere egin dizkiote erakunde horri. Izan ere, Errezilgo Iturrien Erabiltzaileak taldeko kideek azaldu dutenez, Uraren Agentziak bidalitako gutunetan hainbat neurri betetzeko galdegiten zaie mendiko uren erabiltzaileei, Eusko Jaurlaritzaren 2017ko agindua aplikatuta. Herritarrak ez daude ados haiei eskatutakoarekin, "erabat bidegabeak eta neurriz kanpokoak" direla iritzita. "Legeen aurrean pertsona guztiok berdinak bagara, nola liteke agindu honek horrelako desberdintasunak ezartzea herrietako ura eta mendikoa jasotzen dugunon artean?".
Erabiltzaileen taldeko kideek azaldu dutenez, denbora dezente igaro da Uraren Agentziaren gutunak Errezilgo etxe eta baserrietara iristen hasi zirenetik, baina duela gutxira arte ez diete arreta berezirik jarri, ezjakintasuna tarteko. Uraren Euskal Agentziak bidalitako gutunetan jartzen duena ulertzea "zaila" da herritar askorentzat, hitz teknikoak nahiz juridikoak interpretatzeko ezintasuna dela eta. Gutunak gero eta etxe gehiagotara iristen ari zirela ikusita, herritarrak gaiaz hitz egiten eta horren aurrean antolatzen hasi ziren. Horrenbestez, Errezilen bilkura ireki bat antolatu zuten baserritarrei nahiz etxeetako bizilagunei zuzenduta; udaleko ordezkariekin ere jarri ziren harremanetan. Deialdiak "harrera oso ona" izan zuela nabarmendu dute taldeko kideek, "gaiak pizten duen kezkaren parekoa". Hori izan zen ondoren abiatuko zuten sinadura bilketaren aurrekari nagusia.
"Uraren gastuak gure gain hartzea eta indibidualki kontagailuak jartzea nahiz mantentzea exijitzen digute, kontagailuaren datuen irakurketak egitea eta horiek Uraren Agentziari bidaltzea, uraren osasun txostena egitea eta helaraztea, eta ura erabiltzeagatik kanona ordaintzea", adierazi dute bizilagunek. Horri, ordea, bestela izaten dituzten mantenu gastuak gaineratu behar zaizkiola salatu dute. Horrenbestez, Uraren Euskal Agentziak agindutakoaren aurkako sinadura bilketa egin dute Errezilen. Guztira, 108 etxetan sinatu dute erreklamazioa, herritarren %73 inguruk.
Sinadura horiek 2025eko abenduaren 29an aurkeztu zituzten, Zuzenean herritarrentzako zerbitzuaren bidez, Arartekoarekin harremanetan izan ostean. Izan ere, erakunde horrekin hitz egin ondoren abiatu zuten sinadura bilketa, eskaera zehatzak oinarri hartuta. Errezilgo bizilagunek azaldu dutenez, Ura agentziarekin harremanetan jartzen saiatu dira lehenagotik, eta hango langileekin ere izan dituzte hartu emanak. "Pentsa, batzuek arrazoia dugula esan izan digute", azaldu dute. Dena den, agentzia horretako arduradunek dute azken hitzan, eta haiei egin dizkiete azken eskaerak. Alde batetik, Uraren Euskal Agentziari eskatu diote herritarrekin biltzeko, haien egoera zein den azaldu ahal izateko. Bestetik, adostasunera iritsi artean prozedurak bertan behera uzteko galdegin diote erakundeari. "Gure eskubideak urratzen ari direnez, alde guztietako ordezkariek zuzenean hitz egin eta gaia argitu arte prozedura guztiak bertan behera uzteko eskatzen dugu; izan ere, agentziaren arabera, eskakizunok betetzen ez baditugu, zigortu egin nahi gaituzte isunak ezarrita", adierazi dute.
Errezildik, Gipuzkoa osora
Urtarrileko lehen astean eman zuten gatazkaren berri Errezilgo bizilagunek, gutun bidez. Gukara ez ezik, beste hainbat hedabidetara ere bidali zuten kexa, eta Gipuzkoa osora zabaldu da salaketa. Kontatu dutenez, "asko" izan dira ordutik haiengana jo duten gipuzkoarrak. Gipuzkoan, Urola Kostatik harago, Tolosan nahiz Goierrin ere ari dira gaia gizarteratzen, eta aurreratu dute zenbait baserritarrek hainbat azokatan jarriko dituztela sinadura bilketarako dokumentuak. "Auzia gure eskualdetik harago doa", azpimarratu dute. Hori dela eta, haien helbidea zein den gogoratu dute, norbaitek haiekin harremanetan jarri nahi badu ere: errezilgoitturrik@gmail.com.
Agentziak, oharra
Uraren Agentziak oharra kaleratu du ur emakidaren edo ustiapen eskubideen erregularizazioa egiten ari dela adieraziz, "egungo egoerara egokitzeko". Hain zuzen, "titularra zein den eta ura zertarako erabiltzen den zehazteko, hartuneak non dauden identifikatzeko eta jarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko". Erregulaziorako ezarritako neurrien xehetasunak aletu ditu, eta herritarrei zein erakundeei zuzendu zaie: "Ur kontsortzioei, kudeaketa erakundeei, ur hartuneak dituzten enpresei eta ustiapenak dituztenei gogorarazi nahi diegu beren betebeharra dela neurketa sistemak aktibo mantentzea, irakurketak garaiz bidaltzea eta kontzesio baldintzak betetzea. Horrela, denon artean zaintzen ditugu ibaia eta haren biodibertsitatea, emari ekologikoak bermatuta".
Uraren Euskal Agentziak oharra kaleratu duen arren, agentzia ez da harremanetan jarri Errezilgo erabiltzaileekin. Taldeko kideek jakinarazi dutenez, agentziak gehienez hiru hilabeteko epean erantzun beharko die haien eskaerei.