Sagardo berria, gozagarri

Mailo Oiarzabal 2026ko urtarrilaren 13a

Iker Irribarria, Añotako sagardo berriarekin edalontzia beteta, joan den larunbatean Añota sagardotegian. (Mailo Oiarzabal)

Azpeitiko Añota eta Aiako Satxota sagardotegietan asteburuan ireki dute txotx denboraldia, Zestoako Ekainen datorren larunbatean hasiko dute, eta hilaren 23an, berriz, Aiako Izetan.

Urtarrilarekin batera, iritsi da aurten ere aurreko udazkeneko sagar uztarekin egindako sagardo berria txotxetik dastatzeko unea. Joan den ostiralean aurkeztu zuen 2026ko txotx garaia Euskal Sagardoa jatorri izenak, eta biharamunean ireki zituzten lehen upelak Urola Kosta eskualdean. Hain zuzen ere, Azpeitiko Añota eta Aiako Satxota izan dira aurten txotx denboraldia estreinatu duten eskualdeko lehen sagardotegiak.

Santio Errekako sagardotegian ez zuten ekitaldirik antolatu txotx irekieraren harira, baina Elosiagakoan bai. Añotan urtero izaten dute gonbidatu bereziren bat, eta aurten Iker Irribarria pilotari ohia izan da 2025eko sagar uztatik eratorritako sagardo berriari lehen tragoa egiteko ohorea izan duena. Haren atzetik dastatu ahal izan zuten edari preziatua larunbat eguerdian bazkaltzeko elkartu ziren 150 bat lagunek. Aurretik, sagardotegiko tabernan elkartuta zeuden guztiek txistorra pintxo bana dastatzeko aukera izan zuten jangelako sarreran, upeltokirako bidean. Xebastian Lizaso eta Juan Joxe Eizmendi Loidisaletxe bertsolariak izan ziren Irribarriaren atzetik sagardoa txotxetik edan ahal izan zuten aurrenak, kantuan hasi aurretik; Irribarriari loreak bota zizkioten bi bertsolariek, eta sagardo berriak haren pilotakadek zuten "txinparta" bera izatea espero dutela esan zuten, besteak beste. Txotxeko sagardoaren sasoi berriaren hasierako ekitaldiari musika jarri zioten Izer eta Alabier ere igaro ziren ondoren, edalontzi bana eskuetan, Añotako sagardo berria dastatzera.

Aurten, aurreko urteetan baino sagardo gehiago izango dute aukeran Añotara joaten direnek, upel berriak jarri baitituzte sagardotegiko garai bateko jangelan. 2025eko sagar uztaren emaitzan sagardo "biguna" zein "gorputz gehiago duena" nahastu direla azaldu zuen zapatuan bertan Luis Beloki Añotako nagusiak. Uda lehorraren ondorioz, uzta ohi baino gehiago aurreratu zitzaien, baina ohi baino luzeagoa ere izan zen uzta sasoia: horrela, uzta hasieran jasotako sagarrekin egindakoa sagardo "bigunoagoa" da, Belokiren esanetan, eta gorputz gehiago du, aldiz, uzta bukaerako fruituekin egindakoak.

Ibañarrietako Ekain sagardotegian ere izango da txotxeko sagardoaz gozatzeko aukera; datorren larunbatean, hilaren 17an, hasiko dute han txotx sasoia. Aurten ez dute ekitaldi berezirik prestatu, baina aurrerago "zerbait" egiteko asmoa badutela azaldu dute. Uztailean, gainera, hamabost urte beteko ditu Ekainek, eta urteurrena ospatzeko asmoa ere badute.

Aiako Izeta izango da aurten txotxa irekitzen berantiarrena eskualdean. Urtarrilaren 23an, datorren ostiralean zortzi, irekiko dituzte lehen aldiz sagardo berriz betetako upelak Izetan. Egun horretan, eguerditik izango da han txotxeko sagardoa edateko aukera, baina gauean ospatuko dute irekierako festa, Izer eta Alabier trikitilariekin eta Anjel Mari Peñagarikano bertsolariarekin. Hasita daudenak zein hastear direnak, sagardo berria dastatzera doazenak esku zabalik hartzeko prest dira.

Edateko "errazagoa"

Bi urtez behin ematen dute fruitua oparo sagarrondoek, eta sagar urtea izan zen 2025a. Aldi berean, negu epela eta uda lehorra izan ziren iazkoak, eta horrek erantsi dizkio berezitasunak sagardo berriari. Belokik aipatutakoen ildotik, aurtengo sagardoak "gorputz gutxiago" duela eta edateko "errazagoa" dela azaldu du Izetako Gotzon Iruretagoienak, eta alkohol kopuru txikiagoa duela ere bai.

Ekain sagardotegiko Aitor Eizmendi ere bat dator aurtengo sagardoa edateko "erraza" dela esaterakoan. Gainera, urteroko helburua bete ahal izan dute aurten Ibañarrietako sagardotegian: ekoitzi duten sagardo guztia etxeko sagarrekin egindakoa da, eta ehuneko ehun ekologikoa. Eguraldiarekin lotutako berezitasunei dagokienez, asko jaso arren iazko sagarrek ohi baino zuku gutxiago zutela azaldu du Eizmendik, baina "kalitate oso onekoa", beti ere. Aurtengo sagardo berriak "kolore polita eta fruta usain handia" ditu, Ekaingoaren esanetan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide