Abian da euskal pilota sustatzeko enpresen eta komunikabideen arteko elkarlana

Aitziber Arzallus 2026ko urtarrilaren 12a

GEPFren, Tokikomen, Goienerren, Izarkomen eta Hamaika Telebistaren ordezkariak, joan den ostegunean, Donostian. (Gari Garaialde/Bostok Photo)

Tokikomek bat egin du euskal pilota sustatzeko Gipuzkoako Pilota Federazioak bultzatutako elkarlan estrategikoarekin; horrenbestez, baita Gukak ere. Gipuzkoako final gehienak grabatu eta telebistaz emateko konpromisoa hartu du taldeak.

Aurrerantzean Gipuzkoan jokatzen diren pilotako final gehienak telebistaz botako ditu Gukak. Modalitate askotako txapelketen finalak izango dira, eta erdiak emakumeenak, "federazioak emakumeen pilotaren alde azken bi hamarkadetan egindako apustuaren erakusgarri". Gipuzkoako Pilota Federazioak bultzatu duen elkarlan estrategikoarekin bat egin du Tokikomek, eta horrenbestez baita Gukak ere. Horiez gain, bat egin dute Izarkom telekomunikazio kooperatibak, Goiener energia kooperatibak eta Hamaika Telebistak ere.

Joan den ostegunean Donostian egindako agerraldi batean eman zuten hitzarmenaren. berri, eta han, Iñaki Lizaso­ Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioko presidenteak azpimarratu zuen "euskal pilota gure herriaren ondarea, kirola eta kultura" dela, eta pilota hotsak herriz herri gure identitatea islatzen duela. Alabaina, kirol hegemonikoen nagusitasunak euskal pilotaren ikusgarritasuna eta zabalkundea zailtzen dituela ohartarazi zuen, bereziki gazteengana iristeko garaian. Horregatik, nabarmendu zuen inoiz baino garrantzitsuagoa dela "gurea indartzea, gureari balioa ematea eta etorkizunari begira bide sendo eta herrikoi bat eskaintzea". Lizasoren hitzetan, helburua da "teknologia berrien, tokiko komunikabideen eta euskal enpresen bidez, pilota etxeetara eta pantaila guztietara eramatea, herri mailan zein mundu mailan".

Konpromisoa

Tokikom sarearen izenean, Jon Aldanondok nabarmendu zuen tokiko komunikabideek ere euskal pilotari lekua egin nahi diotela, lan profesional eta kalitatezkoa eginez: "Gure misioarekin bat dator, eta medio guztietan zabalduko dugu".

Akordioaren baitan, Izarkomek Internet konexioa bermatuko du Gipuzkoako final guztietan, eta Trinketeko Gipuzkoko Txapelketa babestuko du. Iker Garaialde Izarkomeko zuzendariak azaldu zuenez, ez da patrozinio ekonomikoa, baizik eta txapelketak aurrera ateratzeko elkarlanaren aldeko apustua: "Ideiekin berehala bat egin genuen".

Hamaika Telebistako zuzendari Amaia Jauregik ere euskal pilota sustatzeko konpromisoa berretsi zuen, "gure kulturaren parte delako eta bere tokia merezi duelako". Ikusgarritasunaz gain, emakumeen pilotari garrantzi berezia emango diotela azpimarratu zuen.

Emakumeen pilota sustatzen jarraitzeko, iaz sinatutako hitzarmena berritu dute aurten GEPFk eta Goienerrek, eta, ondorioz, emakumeen eskuz banaka lau t’erdiko Gipuzkoko Txapelketa berriro ere Goiener Saria izango da. Erika Martinez Goienerreko lehendakaria pozik agertu zen elkarlanarekin, "ingurumena, euskara eta gure kultura sustatzen dituelako".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide