Iker Vicentek irabazi du Eneko Otañoren aurkako apustua

Andoni Elduaien 2026ko urtarrilaren 3a

Minutu eta erdiko aldea atera dio Vicentek Otañori. Bigarren oinbikoarekin trabatu da Beizamako aizkolaria, eta otsagabiarrak une hori baliatu du desabantaila iraultzeko. Jendetza bildu da Tolosako (Gipuzkoa) zezen plazan, eta goi mailako apustua ikusi ahal izan dute.

Iker Vicente nagusitu da Eneko Otaño beizamarraren aurkako aizkora desafioan. Gaur, zapatua, Tolosako (Gipuzkoa) zezen plazan jokatu dute erronka goi mailako bi aizkolari horiek. Vicentek hamalau kanaerdiko eta lau oinbiko ebaki behar izan ditu, eta bi kanaerdiko gutxiago, Otañok. Otsagabiarrak 51.09 denboran ebaki ditu hemezortzi enbor horiek, eta beizamarrak, 53.31 denboran moztu ditu bere hamaseiak.

6.000 euro izan dituzte jokoan bi aizkolariek, eta beraz, Otsagabiakoak lortu du saria. Jendetza bildu da Tolosan apustua ikusteko, eta haiek lehia estua bizitzeko aukera izan dute. Otaño bi oinbiko eta bost kanaerdiko zituen egur lerroa hasi da ebakitzen; Vicente, berriz, bi oinbiko eta zazpi kanaerdiko zituen lerroa. Zerrenda horretako egurrak moztean, lau minutu inguru ateratzen zizkion Otañok Vicenteri.

Otsagabikoa, ordea, bestelako itxura batekin aritu da hirugarren oinbikotik aurrera, eta orduan lortu du hark proba iraultzea. Egurrak erdibana eraman dituzte bi aizkolariek, eta hain justu, adarrek ere eman dute zeresana gaurko desafioa; izan ere, beizamarrak denbora dezente galdu du bigarren oinbikoan. Kontrara, Vicentek berak eramandako egurrak mozten egin ditu denbora onenak. 

Apustuaren amaieran, Vicente "gustura" sentitu da desafioarekin. Minutu eta erdiko aldea atera dio irabazleak Otañori, baina harentzat "orain arteko apusturik exijenteena" izan da gaur Tolosan jokatu duena. "Inoiz moztu dudan egurrik gogorrena gaur moztuko nuen, eta lan horiek exijentzia maila handia eskatzen dute. Gustura nago egin dudan lanarekin", azaldu du otsagabiarrak lanak amaitu bezain pronto.

Bi kanaerdiko gehiago moztu behar zituenez, otsagabiarrak aitortu du "zailtasun handiko apustua" izan dela. "Atzetik abiatu naiz, egur gogorrak moztea egokitu zait... Ordea, burua hotz mantendu dut, eta lan oso ona egin dudala uste dut", esan du. Azken egurretan adar bat baino gehiago egokitu zaizkio hari, baina ordurako tarte polita zuen alde. "Abantaila pixka bat banuen, eta gainera, fresko sentitu naiz. Ongi ailegatu naiz amaierara".

Otañok galdu egin du, baina hark ere baditu gustura egoteko arrazoiak, oso estu hartu du-eta Euskal Herriko egungo aizkolaririk onena. Vicenteri meritu guztiak aitortu dizkio beizamarrak, eta hura zoriondu du demaren amaieran. "Ikerrek gaur ere lan aparta egin du; argi eta garbi erakutsi du beste behin zer nolako maila duen". 

Bigarren oinbikoa ebakitzen trabatu da Otaño; izan ere, Vicentek ia bi minutuko tartea lortu du ordurako. Egur horri buruzko azalpenak ere eman ditu beizamarrak: "Bigarren oinbiko horretan katigatu naiz. Ikaragarri gogorra zegoen egurra; aizkora bera ere bota egiten zidan. Ordea, epaileek ontzat eman dute enborra; plazara atera dute, eta niri egokitu zait zozketan hura moztea. Jokoa horrelaxe izaten da", esan du.

(Argazkiak: Ibon Errazu Uria)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide