Eguna jarriz gero, eguna ailegatu egiten da. 2025eko urriaren 22an itxi zuten aizkora apustua Eneko Otaño (Beizama, 1994) eta Iker Vicente aizkolariek. 2026ko urtarrilaren 3rako zehaztu zuten hitzordua. Urrun ikusten zuten orduan erronka, baina, dagoeneko gainera iritsi zaie eguna bi aizkolariei, apustua datorren zapatuan jokatuko dute-eta Tolosako (Gipuzkoa) zezen plazan (17:00). Vicentek hamalau kanaerdiko eta lau oinbiko ebaki beharko ditu; Otañok, berriz, bi kanaerdiko gutxiago. 6.000 euro izango dituzte jokoan bi kirolariek, eta apustuan erabiliko dituzten enborrak erdibana eramango dituzte plazara. Erronkarako prest da gaur egun Urrestillan bizi den Beizamako aizkolaria.
Iker Vicentek apusturako hitzordua jarri zuenean, zerk bultzatuta jo zenuen Tolosako Cantabricora?
Urte ona ari nintzen egiten, nahikoa gustura nengoen; Gipuzkoako Txapelketa ere irabazi egin nuen, gainera. Euskal Herriko Aizkolari Txapelketaren kanporaketako saioan, ordea, egun oso txarra egokitu zitzaidan, eta ez nuen lortu finalera sailkatzea; har horrekin gelditu nintzen. Vicentek apusturako deia egin zuen gero, aurkariari abantaila emateko prest zegoela esanez. Vicente da une honetako aizkolaririk onena, eta haren aurka apustua berdinetik berdinera jokatzera joatea, normalean, galtzera joatea da. Abantaila emateko prest zegoela ikusi nuenenean, baina, Cantabricora hitz egitera joatea erabaki nuen. Garbi eraman genituen guk hara geure ideiak: bi kanaerdikoren abantaila nahi genuen apustua ixteko. Vicente prest azaldu zen, eta hala itxi genuen.
Euskal Herriko txapelketa jokatu gabe zaude aurten. Atseden gehiago izan duzu, baina lehia gutxiago. Nola zaude?
Ondo sentitzen naiz orain. Pare bat aste hartu nituen atsedenerako eta deskonektatzeko Euskal Herriko txapelketatik kanpo gelditu nintzenean. Beste txapelketarik ez nuenez aurretik, amaitutzat eman nuen urtea orduan; ez nekien apusturik sortuko zen edo ez. Vicentek apusturako erronka bota zuenean, buruari bueltak ematen hasi eta apustua itxi genuen. Hori horrela izanda, berriro hasi nintzen entrenatzen. Segituan nabaritu nuen bi aste lasai hartuta, gorputza arinduta nuela; kolpe onarekin berrartu nituen entrenamenduak, sentsazio onekin hasi nintzen entrenatzen. Azken bi hilabete hauetan oso gustura ibili naiz entrenatzen, lan saio oso onak egin ditut eta fisikoki ondo sentitzen naiz. Momentu onean iritsiko naiz apustura. Ea azken egun hauetan ez dudan ustekabekorik izaten, eta egunean lan ona egiteko gai izaten naizen.
Nola prestatu duzu proba? Zeri eman diozu garrantzi gehien?
Astean pare bat entrenamendu egiten ditut aizkorarekin; astea gimnasioko saioekin eta mendira egindako ibilaldiekin osatzen dut. Aizkoran aritzeaz gain, ordea, lana ere egiten dut, eta saiatzen naiz dena ahalik eta ondoen uztartzen. Dena den, atseden hartzen ere saiatzen naiz. Atseden hartzea oso garrantzitsua da; hobetzeko nahian murgilduta, askotan ahaztu egiten zaigu atseden hartzea, baina ezinbestekoa da.
Nola ikusten duzu apustua? Non egon daiteke irabazteko gakoa?
Apustua estua izango da. Biok egun ona badugu eta biok ondo hasten bagara, hasiera-hasieratik izango da estua. Iruditzen zait Vicentek eta biok indartsu ekingo diogula erronkari; Vicentek indartsu hasi beharra du dudan abantaila kentzen hasi nahi badu, eta nik gauza bera abantailari eusteko. Ordea, itsutu gabe jardun behar dut, kontua ez da-eta erdi lanetarako lehertzea. Neure onetik ateratzen banaiz, bigarren erdian errazago kenduko dit tartea.
Zein lan edo zein une izango da zuretzat zailena?
Hori jakitea izan ohi da kontua apustuetan. Hasieratik ekingo diogu bi aizkolariok indartsu apustuari, eta lan erdietan betekada kudeatu beharko dugu. Une hori izan ohi da kritikoena, eta ea neure buruari indar pixka bat emateko gai izaten naizen. Ondo sentituz gero, beti ateratzen da azken hiru-lau egurretan haiek mozteko indarra.
Pistarik ez duzu eman nahiko akaso, baina nolako egurrak izango dira Tolosako zezen plazan?
Egia esan, apustuetarako-eta ez naiz ni arduratzen egurrez, ez dut bururik nekatzen; nire laguntzaileek kudeatzen dute kontu hori. Egunean bertan plazan jarritakoa moztuko dut. Ez dut inolako lehentasunik, neure burua prest ikusten dut-eta bai egur gogorrak, bai egur bigunak mozteko. Era guztietako egurrekin egin dut lan, eta ondo ikusten dut neure burua alde horretatik. Oraindik neuk ere ez dakit laguntzaileek zer egur eramango dituzten plazara; azken unean erabakiko dute onenak iruditzen zaizkienen artean.
Vicente dena irabazten ari da azken urteotan; ez da nolanahiko aurkaria. Zer filosofiarekin hartu duzu apustua?
Vicente da egungo aizkolaririk onena. Bera da aizkorarako bizi den bakarra, gainerako aizkolariok bestela ere lan egiten dugu eta. Neure lanorduak egin eta gero hasten naiz ni aizkorako entrenamenduak egiten. Vicentek badu hor bere aldeko plusa. Apustuari begira jarrita, ordea, nik banekien lan berdinetara jokatuz gero, zaila edo ia ezinezkoa izango nukeela irabaztea. Bi kanaerdikoren abantaila izanda, uste dut badudala erronka irabazteko aukera. Jende guztia aurka atera zait; Vicenteri ez diodala irabaziko esaten ari zaizkit. Esan horiek barruan beste su bat sortu didate, eta alde horretatik, lasaiago joango naiz apustura. Iruditzen zait Vicentek berak izango duela larunbatean faboritismo edo karga guztia.
Apustuak berez piztu ohi du saltsa. Ari al da zaleen artean kontua berotzen?
Apustu estua izango denez, jende askori entzun diot zapatuan Tolosara joateko asmoa duela. Giroa berotzen ari da.
Beizamatik gertu duzu Tolosa. Jende asko eramango al duzu animatzera?
Beizamarra naizen arren, Urrestillan bizi naiz egun; inguru guztia Azpeitian dut, hala nola kuadrilla eta lagunak. Asko dira zapatuan Tolosara joateko asmoa dutenak. Apustua eta gero, galdu ala irabazi, afaltzera joateko asmoa dugu denok batera, eta jende dezentek eman du otordurako izena.
Irabazten baduzu, nola ospatuko duzu?
Asko gozatu dut azken bi hilabete hauetan egindako bidearekin. Entrenamendu oso onak egin ditut, sentsazio oso onak izan ditut, eta galdu ala irabazi, apustuaren egunean nik egin nahi dudan lana egitea eskatzen diot nire buruari. Apustua irabaziz gero, ezin hobeto, baina, behintzat, nire buruarekin lasai gelditzea da nahi dudana. Ospakizunak beti izan ohi dira politagoak irabazita, baina galduta ere baditut ospatzeko arrazoiak.