Vicentek eta Otañok apustua jokatuko dute urtarrilaren 3an

Julene Frantzesena 2025eko urriaren 23a

Iker Vicente eta Eneko Otaño atzo apustua itxi berritan. (Ibon Errazu)

Atzo hitzartu zituzten apustuaren nondik norakoak Cantabrico tabernan. Vicentek hamalau kanaerdiko eta lau onbiko ebaki beharko ditu, eta Otañok, berriz, bi kanaerdiko gutxiago. Ez dute zehaztu non jokatuko duten, baina Azpeitiko edo Tolosako zezen plazan izango da erronka.

Herri kirol zaleek hitzordu berezia izango dute datorren urtearen hasieran. Izan ere, askok uste zutenaren kontrara, Iker Vicentek eta Eneko Otañok urtarrilaren 3an apustua egitea hitzartu zuten atzo Tolosako Cantabrico tabernan.

19:30erako zuten hitzordua jarrita, eta bi kirolariak azaldu ziren topalekura. Ordu eta laurden behar izan zuten horiek nahiz haien laguntzaileek apustuaren nondik norakoak adosteko, baina apusturako datarekin eta egin beharreko lanak zehaztuta itzuli ziren etxera.

Hain zuzen ere, urtarrilaren 3an, larunbatez, jokatuko dute erronka eta Vicentek hamalau kanaerdiko eta lau onbiko ebaki beharko ditu; bi kanaerdiko gutxiago, berriz, Otaño beizamarrak. 6.000 euro izango dituzte jokoan, eta apustuan erabiliko dituzten enborrak erdi bana eramango dituzte plazara.

Dena den, oraindik ez dute hitzartu non egingo duten apustua; bi zezen plaza dituzte aukeran: Tolosakoa edo Azpeitikoa.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide