Barakaldoko hilketa matxista gaitzetsi dute Zestoan eta Azpeitian

Maddi Txintxurreta 2025eko abenduaren 24a

Hainbat lagun, Barakaldoko erailketa matxistaren kontra atzo Urola Erdiko Itaiak Zestoan deitu zuen mobilizazioan. (Utzitakoa)

Barakaldoko hilketa matxista gaitzesteko elkarretaratze bana egin zuten atzo arratsaldean Zestoan eta Azpeitian. Zestoako mobilizazioa Urola Erdiko Itaiak deitu zuen, Azpeitikoa, berriz, herriko talde feministak.

Barakaldoko (Bizkaia) hilketa matxistaren berri izan eta berehala eskualdeko udalerri desberdinetan mobilizazioak deitu zituen Urola Erdiko Itaiak. Astelehen arratsaldean elkarretaratzeak egin zituzten Azkoitian eta Azpeitian, eta atzo Zestoan mobilizatu ziren, Indarkeria matxistari aurre egin! idatzita zuen pankartaren atzean. 2025ean Euskal Herrian kontabilizatu diren zazpigarren hilketa matxista da Barakaldokoa.

Bestalde, Azpeitiko Feministen Sareak deitutako mobilizazioarekin bat egin zuten atzo arratsaldean hainbat herritarrek. Azpeitiko talde feministak elkartasuna adierazi zien indarkeria matxistaren azken biktimaren senideei, lagunei eta hurbilekoei, eta gogorarazi zuen hilketak "izozmendi baten punta" besterik ez direla: "Azpian, instituzioek eta jendarteak maiz ez ikusiarena egiten duten egiturazko indarkeria dago, hamaika forma eta egituretan gure egunerokotasunean jasaten duguna". Horrelako erasoen aurrean, autodefentsa feminista aldarrikatu zuen.

Azpeitiko hainbat herritar, talde feministak deitu zuen elkarretaratzean. (M. Txintxurreta)

Zumaian ere mobilizazioa deitu dute aurten Euskal Herrian erregistratu den zazpigarren erailketa matxistaren kontra. Herriko mugimendu feministak elkarretaratzea deitu du gaurko, 18:30ean, saregileen plazan. 

Igande goizean emakume baten gorpua aurkitu zuten Barakaldoko etxebizitza batean, eta gauean 27 urteko gizonezko bat atxilotu zuen Ertzaintzak. Autopsiaren lehen emaitzen arabera, indarkeria jasan izanaren zantzuak zituen 54 urteko andrazkoaren gorpuak, eta Eusko Jaurlaritzak ordu gutxira baieztatu zuen indarkeria matxistako kasu bat izan zela; 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide