Azken hilketa matxista salatu dute Azkoitian eta Azpeitian; bihar berdin egingo dute hainbat herritan

Maddi Txintxurreta 2025eko abenduaren 22a

Hainbat lagun, Urola Erdiko Itaiak Azkoitian deitu duen elkarretaratzean. (Utzitakoa)

Barakaldoko hilketa matxista salatzeko Urola Erdiko Itaiak deitutako elkarretaratzearekin bat egin dute dozenaka lagunek gaur arratsaldean Azkoitian eta Azpeitian. Indarkeria matxistari aurre egin! lelopean mobilizatu dira.

Barakaldoko (Bizkaia) hilketa matxistaren berri izan eta berehala mobilizazioa deitu du Urola Erdiko Itaiak. Dozenaka herritarrek bat egin dute deialdiekin, eta hainbat lagun bildu da 19:00etan Azkoitiko zein Azpeitiko plazetan, Mobilizazioa. Matxismoaren aurka borrokatu nahiz Indarkeria matxistari aurre egin! idatzita zuten pankarta banaren atzean. 2025ean Euskal Herrian kontabilizatu diren zazpigarren hilketa matxista da Barakaldokoa. 

Igande goizean emakume baten gorpua aurkitu zuten Barakaldoko etxebizitza batean, eta gauean 27 urteko gizonezko bat atxilotu zuen Ertzaintzak. Autopsiaren lehen emaitzen arabera, indarkeria jasan izanaren zantzuak zituen 54 urteko andrazkoaren gorpuak, eta Eusko Jaurlaritzak indarkeria matxistatzat hartu du hilketa. Momentuz, Ertzaintzak ez du konfirmatu hilketa matxista izan denik, eta kasua ikertzen ari da.

Azpeitian jende ugari bildu da Barakaldoko hilketa salatzeko elkarretaratzean. (Maialen Etxaniz)

Bihar mobilizazio gehiago

Zestoan, biharko, asteartea, deitu du elkarretaratzea Urola Erdiko Itaiak. 19:00etan egingo dute mobilizazioa, plazan.

Bestalde, Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxaren protokoloarekin bat eginez, bihar mobilizatzera deitu du Azpeitiko Feministen Sareak ere. Autodefentsa feminista aldarrikatuko dute 19:00etan plazan egingo duten elkarretaratzean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide