Olentzerok eta Mari Domingik ilusioa eta poza barreiatu dituzte eskualdean

Erredakzioa 2025eko abenduaren 24a

Hainbat haur Olentzerorekin eta Mari Domingirekin Aizarnazabalen. (Utzitakoa)

Olentzero eta Mari Domingi gaur iritsi dira Urola Kostako herri gehienetara. Urteroko moduan, herritar guztiekin egon eta ilusioa piztu dute izan diren tokietan. Ikusi hemen tokian-tokiko argazki bildumak. 

Olentzero eta Mari Domingi iritsi dira eskualdeko herrietara. Joan den ostiralean izan ziren bi ikazkinak Aian eta Errezilen, eta atzo, berriz, Beizaman. Dena den, gaur egin dute bisita gainontzeko herrietara; herri batzuetan goizean izan dira, eta beste batzuetan arratsaldez. Urteroko moduan, herritar guztiekin egon eta ilusioa piztu dute izan diren tokietan. 

Herri guztietan ekitaldiak, kantu emanaldiak eta Gabon eskeak izan dituzte Gabon egunez, merezi duten ongietorria eta harrera beroa egiteko bi ikazkinei. Hala, etxeko txikienek eta ez horren txikiek haien alboan goxo-goxo egoteko eta beraien oparien eta ametsen gutuna emateko aukera izan dute. Bide batez, animoak eta indarrak emateko ekitaldiak izan dira, gauean eskualdeko etxe guztietara irits daitezen.

Hona hemen herriz herriko argazki bildumak. 

Aia

Joan den ostiralean iritsi ziren Olentzero eta Mari Domingi Aiara. Iturraran parketxean izan ziren herriko haurrekin. 

Aizarnazabal

Olentzeroren eta Mari Domingiren etorrera izan dute, 13:00etan, herriko plazan. Gainera, Gabon eskean atera dira hainbat herritar. 

Azkoitia

Goizean goizetik Gabon giroa nagusitu da Azkoitian. Euriak ez du itzali kantuan egiteko gogoa, eta hainbat lagun talde, haurrek eta nerabeek osatutakoak batez ere, Gabon eskean aritu dira. Poliki-poliki, elizaren arkupeetan hainbat familiek osatu duten ilara luzatzen joan da, eta trikiti doinuen atzetik iritsi dira, eguerdian, Olentzero eta Mari Domingi. Ikazkinek herriko haurren gutunak jaso dituzte, eta trukean, gozokiz bete dituzte haien patrikak.

Azpeitia

  • Olentzeroren eta Mari Domingiren etorrera izan da, 13:00etan, Azoka Plazan.

  • Urrestillan, hainbat herritar atera dira Gabon eskean.

Beizama

Beizaman bezperan, asteartean, iritsi ziren Olentzero eta Mari Domingi, astoarekin batera, eta Kolarpean agurtu zituzten herritarrak. Haurren eskutitzak jaso ostean, txokolate beroa hartu zuten elkarrekin. Gaur, halaber, Gabon eskean aritu dira etxez etxe eta baserriz baserri.

Errezil

Gabon eskea egin dute gaur, Letea auzoan. 

Getaria

Olentzeroren eta Mari Domingiren etorrera izango da, arratsaldean.


Orio

11:00etan, Gabon eskea izan da. Arratsaldean, berriz, txokolate jana egingo dute plazan, eta eskutitzak jasotzea. 18:30ean iritsiko dira Olentzero eta Mari Domingi.

Iritsi dira jada Olentzero eta Mari Domingi Oriora, eta eguraldiak gaurkoan lagundu ez duen arren, harrera beroa egin diete herritarrek Herriko Plazan. Gaueko protagonistak herrira iritsi baino lehen, ordea, herritarrak apurka apurka hasi dira plazara gerturatzen, Arkupe elkarteak eskainitako txokolate beroa hartzeko. Sabelak betetzen ari zirela, sorginak agertzen hasi dira, haurren gutunak jasotzeko eta bitartean elkarrekin jolasteko. Jarraian, Mari, Basandere eta Basajaun, artzainak eta ttuntturroak hasi dira gerturatzen plazara, eta haiekin batera iritsi dira, noski, Olentzero eta Mari Domingi. Irrikitan hartu dute bi pertsonaien bisita gaztetxoek, eta harrearen ostean, kalejiran ibili dira gainontzeko herritarrak agurtzen.

Zarautz

Euria egin duen arren, Olentzeroren eta Mari Domingiren etorrerako festan murgildu dira goizetik Santuiturri plazan. Puzgarriak bertan behera utzi badituzte ere, haurrak gustura aritu dira marrazketa eta eskulan txokoan, eta herri kirol erakustaldiak ikusmina sortu du beste urte batez.

Trikitilarien laguntzarekin iritsi dira Olentzero eta Mari Domingi Santuiturri plazara, 17:30 aldera, Iago Magoren ikuskizuna amaitzear zela. Auzoan zeuden guztiak agurtuz eta ilusioa herritarrengan barreiatuz etorri dira. Bi ikazkinak oholtza gaineko aulkietan eseri ahala, haurrez eta gurasoz osatutako ilara luzea sortu da, eta pazientzia handiarekin guztiekin egoteko tartea izan dute.

Zestoa

Goizean, Gabon eskean atera dira hainbat auzotar Arroabean.

Eguraldia ez dute lagun izan gaur Olentzerok eta Mari Domingik, eta aurtengoan ez dira iritsi Zestoara Lau Iturritik barrena. Zuzenean plazara agertu dira ikazkinak, 17:30ak inguruan. Harrera beroa egin diete haiek ikusteko irrikaz ziren haurrek eta gaztetxoek, eta herriko kaleak zeharkatu dituzte elkarrekin kalejiran. Gabon kantak elkarrekin abesteko geldialdia egin dute Euskal Herria plazan, eta berriro plazara itzuli dira Erdikaletik. Plazan, haurrek etxean prestatutako gutunak jaso dituzte Olentzerok eta Mari Domingik, eta gozokiak banatu dizkiete guztiei.

Zumaia

Harrera beroa egin diote eguerdian zumaiarrek Olentzerori eta Gomezagori, nahiz eta euri arina presente izan den une oro. Urtero bezala, etxeko txikienek gozatu dute gehien ikazkinaren eta marinelaren etorrerarekin, eta ilusioz eman dizkiete gutunak Amaia plazan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide