Zortzi sortzaileren lanak bildu ditu bigarren Arte Azokak

Nerea Uranga 2025eko abenduaren 23a

Olatz Aguado, Edurne Nuñez, Iñaki Andres, Gorka Larrañaga Iranixe, Bixen Irusta, Txelo Arango, Jamal Gharbaoui eta Miriam Quintana dira Arte Azokan beren lanak erakusgai eta eskuragai jarri dituzten artistak.

Azkoitia eta Azpeitia arteko zortzi sortzailek bigarren Arte Azoka zabaldu zuten atzo arratsaldean Azpeitiko Betharrametako erakusketa aretoan. Urtarrilaren 5era arte egongo da artelanen azoka zabalik; astegunetan 18:00etatik 20:00etara eta asteburuetan eta jaiegunetan 12:00etatik 14:00etara.

Olatz Aguado, Edurne Nuñez, Iñaki Andres, Gorka Larrañaga Iranixe, Bixen Irusta, Txelo Arango, Jamal Gharbaoui eta Miriam Quintana dira Arte Azokan beren lanak erakusgai eta eskuragai jarri dituzten artistak.

Lanak askotariko teknikez egindakoak dira: Edurne Nuñezek fotomuntaketa edota argazki collage digitaleko lanak jarri ditu erakusgai; Iñaki Andresen lanak akrilikoan eta transferra erabiliz egindako lanak dira; Miriam Quintanak tinta txinatarra, akrilikoa, olioa, ikatza eta berniza erabili ditu bere lan handiak edota txikiak sortzeko; Bixen Irustak, berriz, argazkiak ipini ditu erakusgai; Gorka Larrañagarenak akuarelak edota grabatuak dira; Jamal Gharbaouirenak lan surrealisak dira; Txelo Arangorenak paisaien margolanak eta lan figuratiboak dira; eta Olatz Aguadorenak, berriz, collageak nahiz eskultura txikiak dira. Collagetarako euskal kulturarekin lotutako irudiak erabili ditu, eta gerrarekin lotutako eskulturak egin ditu, denak jendeak emandako edota han eta hemen bildutako materiala berrerabiliz, artistak nabarmendu zuenez. Mezu zuzena eta umorea uztartzen ditu Aguadok.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide