Tinderrek Euskal Timber salatu du, "izena kopiatzeagatik"

Agustin Urretabizkaia 2025eko abenduaren 28a

Euskal Timber txapelketaren finaleko irudia. (Ibon Errazu)

[Inozenteen Egunaren harira kaleratutako albistea] Ligatzeko aplikazioak "izena kopiatu" izana egotzi dio herri kirol txapelketari. "Euskal Timber txapelketa antolatu dutenetik aplikazioaren deskargak murriztu egin dira", nabarmendu dute haren arduradunek. Euskal Timberren antolatzaileek ezustean hartu dute albistea. Epaitegiek erabaki beharko dute nork duen arrazoia. 

Tinder ligatzeko aplikazioak eta Euskal Timber herri kirol txapelketak antzeko izena dute, eta bati baino gehiagori piztu dio arreta horrek, baita zenbait gaizkiulertu sortu ere. Hori dela eta, Tinder aplikazioak salaketa jarri dio Euskal Timber lehiaketari. "Izena kopiatu" izana egotzi dio aplikazioak euskal txapelketari. "Euskal Timber txapelketa antolatu dutenetik aplikazioaren deskargak murriztu egin dira", nabarmendu dute aplikazioaren arduradunek hedabideetara bidalitako oharrean.  

Orain gutxi jokatu dute Euskal Timber herri kirol txapelketaren finala, eta Iker Vicente nafarra izan da jaun eta jabe. Lehen aldiz antolatu dute txapelketa hori, eta beraz, haren izana bezala, izena ere berria da. Aizkora eta trontza urte luzez izan dira herri kiroletako modalitate esanguratsuak; bada, Euskal Timber txapelketak bi horiek uztartu ez ezik, motozerra ere gehitu dio lehiari. Berrikuntza horrek sekulako hauspoa eman dio modalitateari.

Gari Etxeberria Euskal Timber txapelketaren antolatzailearekin harremanetan jarri da hedabide hau, eta hark azaldu du timber hitzak egur esan nahi duela ingelesez, eta ez duela ulertzen zergatik jarri duen salaketa Tinder aplikazioak. Tinder hitzak, bestalde, sua pizteko material bati egiten dio erreferentzia, bikote harremanak sortzeko beharrezko "txisparen" metafora gisa. Tinderren arabera, argi dago, beraz, bi marken izenak ez ezik, esanahiak ere bat datozela.

Epaitegiek erabaki beharko dute bi aldeetako nork duen arrazoia. 

Abenduak 28, 18:00: Gukak Inozenteen Egunaren harira kaleratutako albistea da hau. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide