Borda itxita; bihotza beteta

Maialen Etxaniz eta Ane Olaizola 2025eko abenduaren 16a

Zelatungo Antonioren Bordak ateak itxi ditu asteburuan, eta azken egunetan, asko eta asko izan dira agurtzera joan direnak. Penaz mintzo dira guztiak.

Giro berezia nabari daiteke Zelatunen. Eguzki goxotan dira mendizaleak, eta inguruan dabiltza Antonioren Bordako langileak, zerbitzua ematean eta solasean: "Segi ondo, eta deskantsatu!", opa dio batek langileetako bati, bi musu emanez. Beste bezero bat ere gerturatu zaio, "zaindu hadi" esanez. Nabaria da mendizaleen joan-etorria, eta ez soilik eguraldi paregabeak Hernioren magalean dagoen parajeez gozatzen laguntzen duelako, baizik eta han dauden bi bordetako batek, Antoniorenak, azken asteburua duelako zabalik.

Mendizaleentzat atsedenleku izan ohi dira bordak, baina orain, tabernako arduradunek hartuko dute deskantsua. Maria Jesus Etxeberriak eta senarrak duela hamabost urte hartu zuten bordaren ardura, eta bikotekideak aurre jubilazioa hartuta, azkenaldian Etxeberriak berak jardun du nagusiki Antonioren Borda kudeatzen. Ordea, taberna "uzteko ordua" iritsi zaiola uste du hark. "Adinak eraman nau sasoi hau amaitzera. Izan ere, 60 urte ditut, eta lan lotua da hau. Urte hauetan guztietan familia osoa izan dugu laguntzen, eta erabaki dugu lasaiago bizitzen hasteko unea heldu dela", dio Etxeberriak. Izan ere, bere buruari ez ezik, lantokian ondoan izateko konpromisoa hartu duten etxekoei ere opa die atsedena: "Oso ondo lagundu didate, beti etortzeko prest izan dira, eta oso eskertuta nago haiekiko".

Hamar laguneko lantaldea etenik gabe ari da lanean, sukaldean, barran eta terrazan. Izan ere, goizak aurrera egin ahala, mahaiak betetzen doaz, eta otorduetarako erreserba guztiak beteta dituzte. Borda ezagunak ateak itxi baino lehen, askok jo dute hango lantaldea agurtzera. Horietako bat da Zarauztik, Donostiatik, Bilbotik eta Andoaindik (Gipuzkoa) joan den ia hamar laguneko kuadrilla. "Jakin genuen Antonioren Borda ixtera zihoazela, eta plan berezi moduan jarri genuen hona etortzeko hitzordua", adierazi du Imanol Aranburuk. Zarauztarra izanda, Hernio "etxeko lekua" dela dio hark, ohikoa baitu, esaterako, iraileko erromerietan edo Urteberri egunean hara joatea. Hori hala, Antonioren Bordaren itxierak "izugarrizko pena" ematen dio mendizaleari, jakinik, gainera, mendiko beste borda batzuek ere gauza bera egin dutela berriki; Urbiakoak, kasurako. "Euskaldunak izanda, kristoren plana da mendiren batera igo eta gero zerbait jatea".

Agur borobila

Azken asteburua ez ezik, aurrekoa ere oso berezia izan zela gogoratu du Etxeberriak, trikitilariek omenaldia egin baitzieten. "Egundoko festa jarri zuten. Azken bi asteburuetan ere eguraldi oso ona egin du, eta guztia borobil ateratzen ari zaigu". Izan ere, azken asteetan jende ugari izan dute bordan, eta bati baino gehiagori esan behar izan diote ez dagoela lekurik otorduetarako. "Beste hilabete batez irekita izango bagenu ere, jendeak jarraituko zukeen etortzen".

Gerora ere ateak irekita izatea desio duenetako bat da bordari berari izena ematen dio Antonio Aldalur. Egunero bezala, azken asteburuan ere han da 1973. urtean borda zabaldu zuena, eta negozioaren azken orduetan, nabaria zaio tristura hitzetan. Izan ere, oraingoz ez du jarraipenik izango Antonioren Bordak. "Itxita uzterik ez dut nahi, baina ez da jarraipena emango dion inor agertzen. Lan asko dago hemen, batez ere asteburuetan, eta kosta egiten da asteburuetan lan egiteko norbait topatzea".

Aurrerantzean, Agirretxeren Bordak jarraituko die mendizaleei zerbitzua ematen, baina Etxeberriaren ustez, Zelatunek zerbait galduko du. Izan ere, Antonioren Borda maiatzetik azarora egunero zabaltzen zuten, eta horrek lagundu dio Zelatuni giroa mantentzen. "Astegunean hona etorri eta borda itxita badago, mendizalea horren oroitzapenarekin geratuko da. Urte hauetan, jendea irabazteko asko balio izan du borda beti irekita edukitzeak". Itxierak tristura eragin die langileei ere, baina jasotako guztiarekin, "bihotza beteta" agurtu dute askoren poz iturri izan den borda.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide