Mendea beteko da 2026ko otsailaren 22an Urolako Trena martxan jarri zutela. Urteurren biribil hura gogoan, Urolako Trena Maratoia egingo dute trena abian jarri zuten egun berean, igandez. Lasterketa maratoia izateko helburuarekin jaio bada ere, maratoi erdia jokatuko dute datorren urtean, Urolako Bide Berdea eraikitzeko lanak ez baitituzte amaituko lasterketa egunerako.
Lasterketa Euskal Herriko kirol egutegian "hitzordu berezi" bihur dadin jarri dute martxan. Asier Auzmendi (Urretxu, Gipuzkoa, 1986) da proba antolatzen ari den taldeko kideetako bat, eta hark azaldu du kuadrillan piztu zitzaiela lasterketa antolatzeko gogoa: "Lagunarteko elkarrizketa batean sortu zen kontua; munduko maratoirik azkarrena antolatuko genuela esanez hasi ginen. Trenaren mendeurrena izanda, iruditu zaigu datorren urtekoa dela probari ekiteko datarik egokiena".
Trenak egiten zuen ibilbidearen gainean egin beharko dute korrika kirolariek, egungo bidegorritik, hain zuzen. Zumarragako (Gipuzkoa) eta Azpeitiko tren geltokiak lotuko ditu lasterketak, aurrez Urretxutik eta Azkoititik igarota. "Urola ibaiaren ibilgua eta bailara jarraituz egingo da proba. Urolako Bide Berdean oinarritu dugu ibilbidea, trenbide zaharreko bidea egun egokituta dago-eta oinezkoentzat, txirrindularientzat eta korrikalarientzat".
Ibilbide azkarra
Proba bizia izango dela aurreratu dute antolatzaileek; izan ere, korrikalariek maldan behera egin beharko dute lasterka; desnibel negatiboa du ibilbideak. Zumarragan irteera 356 metroko altueran kokatuko dute, eta 80 metroko altueran Azpeitiko helmuga. 28 metrokoa izango da desnibel positiboan metatutako igoera, eta, aldiz, 310 metrokoa da desnibel negatiboan metatutako jaitsiera.
Ibilbideak dituen ezaugarriengatik, "egiteko oso erraza" izango da lasterketa. "Korrika azkar egin nahi duenarentzat ibilbide oso azkarra izango da, baina erraz joan nahi duenak ere izango du horretarako aukera, ibilbidea aldekoa izango du eta. Parte hartzailea denaren edo korrika horrenbestetan egin ez duenaren bila jotzea da probaren filosofia", azaldu du antolatzaileak.
Ibilbidea maldan behera denez, lasterketa ez da homologatua izango. Ordea, maratoi erdiko marka pertsonalak egin edota denbora hobetu nahi dutenentzako tokia izan nahi du Urolako Trena Maratoiak. "Gaur egun, zenbaki batek gehiago balio du titulu batek baino", azaldu du Auzmendik.
Urolako Trenak zituen geltoki guztiak igaroko dituzte korrikalariek, eta horietako zenbaitetan jarriko dituzte anoa postuak. Aurreneko anoa gunea Aginagakoan jarriko dute –probaren 4,9. kilometroan–; bigarren anoa gunea Aizpurutxokoan aurkituko dute korrikalariek –probaren 9,9. kilometroan–; hirugarrena, Azkoitikoan –probaren 15,9. kilometroan–; eta laugarrena eta azkena, Loiolakoan –probaren 19. kilometroan–.
Izen ematea, zabalik
Probarako izen ematea gaur zabaldu dute antolatzaileek; ibilbidea korrika edo gurpil aulkian egin ahalko da, eta parte hartu nahi dutenek Kronoak.com webgunean eman beharko dute izena. Urtarrilaren 25era arte, 29 euroko prezioa izango du izen emateak, eta egun horretatik otsailaren 19ra arte, 39 eurokoa. 16 urtetik gorakoek dute proban izena emateko aukera.
Trenak, ehun urte
Lasterketa egingo duten eguna "berezia" izango da, Urolako Trena 1926. urtean inauguratu zuten egun berean gauzatuko dute eta. Hori hala, lasterketa "ospakizun egun bat" izatea ere nahi dute antolatzaileek. "Bailara osoa lotzen zuen garraioa gogora ekartzeko aukera aparta izango da lasterketa. Bailarako ondare historikoari balioa emateko eta bisitariak eskura dituen baliabideak ezagutarazteko aukera ezin hobea izango da", adierazi du Auzmendik. Haren arabera, gainera, "dezenteko oihartzuna" izan du kontuak: "Probak trenaren historiarekin bat egiten duenez, ondare historikoari balioa ematen dionez, interesa erakutsi dute bai Eusko Jaurlaritzak, bai Gipuzkoako Foru Aldundiak. Lasterketa huts bat baino gehiago izango da".
2027an, maratoia
Aurtengoa maratoi erdia izango da, baina maratoiaren distantzia ofiziala izango du probak bi urte barru, eta ibilbideari izaera berezia ematen dion Urolako trenbide zaharraren bidea bere osotasunean egingo dute, Zumarragatik Zumaiara (Gipuzkoa), hain zuzen. Hala eta guztiz ere, bai datorren urtean, bai bi urte barru, lasterketak "trenaren historiaz eta natura paisaia ikusgarriaz inguratuta dagoen ibilbidea" izango du.