Txikiren eta Otaegiren hilketaren 50. urteurrena

Espainiako Gobernuak "legez kanpokotzat eta baliogabetzat" jo ditu Txikiren eta Otaegiren kontrako epaiketa eta heriotza zigorrak

Aitziber Arzallus 2025eko abenduaren 11

Txiki eta Otaegi gogora ekarri zituzten udana, Zarauzko estropadetan. (Utzitakoa)

Memoria Demokratikoari buruzko 20/2022 Legea aplikatuta, Jon Paredes Txiki-ren eta Angel Otaegiren aldeko Aitorpen eta Erreparazio Pertsonalerako Adierazpena onartu du Espainiako Gobernuak, eta horrekin aitortu du "arrazoi politikoengatik, bermerik gabe eta giza eskubideak urratuta" jazarri zituztela. Familiak pozik daude albistearekin, nahi zutena lortu dutelako.  

Espainiako Gobernuak Jon Paredes Txiki zarauztarraren eta Angel Otaegi nuarbetarraren aldeko Aitorpen eta Erreparazio Pertsonalerako Adierazpena onartu du, eta "legez kanpokotzat eta baliogabetzat" jo ditu duela 50 urte horiek epaitu zituzten Gerra Kontseiluak eta bi kideen kontrako heriotza zigorrak. Mertxe Urtuzaga Otaegiren lehengusuak Gukari adierazi dionez, "oso pozik" daude albistearekin, nahi zutena lortu dutelako. Adierazpena lortzea zuten helburu; beraz, honekin bukatzen da euren borroka. "Ez genuen bestelako konpentsaziorik eskatu, adierazpena lortu nahi genuen, eta kostata, baina lortu dugu".  

Familiek joan den urtarrilaren 14an aurkeztu zuten Espainiko Gobernuak EAEn duen ordezkaritzan Txikiren eta Otaegiren Aitorpen eta Erreparazio Pertsonalerako Adierazpena onartzeko eskaera. Bi eskaeren oinarri juridikoak Juanjo Alvarez Zumaiako abokatuak eta EHUko Nazioarteko Zuzenbide Pribatuan katedradunak landu eta izapidetu zituen, Memoria Demokratikoaren urriaren 19ko 20/2022 Legeak jasotzen dituen printzipioak oinarri hartuta, laugarren, bosgarren eta seigarren artikuluen babesean. Orain, Espainiako Gobernuak ontzat eman ditu eskaera horiek; hain zuzen ere, eta hitzez hitz, "ilegitimo eta deusez" jo ditu bi etakideak epaitu zituzten Gerra Kontseiluak eta haien heriotza zigorrak. 

Espainiako Gobernuak, adierazpen ofizialean, "prozesuen bidegabekeria eta arbitrariotasuna" azpimarratu ditu, eta esan, "erreparazioak bien duintasun pertsonala eta familiarra berrezartzen eta memoria demokratikoa indartzen" lagunduko duela. Ebazpenak 2025eko azaroaren 25eko data du, Espainiako Gobernuko Lurralde Politikako eta Memoria Demokratikoko ministroak sinatuta dago.

Familiek eskerrak eman dizkiete Espainiako Gobernuak Euskadin duen ordezkaritzari, Lurralde Politika eta Memoria Demokratikorako Ministerioari eta biktimei laguntzeko taldeei, bai eta Eusko Jaurlaritzari eta, Txikiren kasuan, Kataluniako Generalitateko Justizia Sailari ere, emandako laguntzagatik.

Urriaren bukaeran frankismoaren azken hilketak oroitu zituzten Espainiako Kongresuan, eta ondorioz, omenaldia jaso zuten Otaegik eta Txikik. Orduan, omenaldia egitea ontzat jo zuten haien senideek, baina nahikoa ez zitzaiela iruditzen adierazi zuen Urtuzagak: "Omenaldia egitea, pauso hori ematea, ongi iruditzen zaigu, baina ez zaigu nahikoa iruditzen".

Francoren erregimenak 1975eko irailaren 27an fusilatu zituen Otaegi eta Txiki etakideak nahiz Joxe Humberto Baena, Jose Luis Sanchez-Bravo eta Ramon Garcia FRAPeko kideak; Guardia Zibilak hil zituen bostak Burgosen, Bartzelonan eta Madrilen. Haietako biri, Baenari eta Sanchez-Bravori biktima izaera aitortu zien Espainiako Gobernuak; ez, ordea, beste hirurei. Txikiren eta Otaegiren familiek eskatzen zutena zen euren senideei ere izaera hori aitortzea, eta euren senideak ere justuak izan ez ziren epaiketak eginda fusilatu zituztela onartzea. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide