LGTBIQ+ kideen topaleku bihurtuko dute Matadeixe larunbatean

Ane Olaizola 2025eko abenduaren 10a

Matadeixe, kanpotik. GUKA

Fanta Lupis: desbiauek Matadeire izeneko eguna antolatu dute hainbat pertsonak larunbaterako Azkoitian, LGTBIQ+ kolektiboaren memoriari keinu bat egiteko asmoz.

Bailarako LGTBIQ+ kolektiboaren kideentzat espazioak sortzeko asmoz asmoz, Fanta Lupis: desbiauek Matadeire eguna antolatu dute hainbat herritarrek datorren zapaturako. Haiek jakinarazi dutenez, LGTBIQ+ kolektiboaren memorian eta erreparazioan sakontzeko joan zen urrian Azpeitian egin zituzten Kontuan hartzeko kontatua jardunaldiek izandako erantzunak "desira" piztu zien antolatzaileei "kaleak elkarren topagune" bihurtzeko, eta, horregatik, Matadeixe bilgune izango duten egun osoko egitaraua prestatu dute: "Ondo pasatuz, elkar ezagutzeko espazio bat sortu nahiko genuke, eta bailarako LGTBIQ+ memoriari keinu bat egin", azaldu dute antolatzaileek. 

Hori hala, askotariko ekintzak egingo dituzte goizetik gauera bitartean Matadeixe topagune izanda, eta adinari, gorputzei, desirei eta esperientziei dagokienez, espazio anitza izatea nahi dute areto autogestionatu hori. Otsoke(i)tan hasiko dute eguna 12:30ean, elkarri ongietorria egiteko jolasekin, eta "pixka bat berotu eta gosea egin" ostean, bazkaria izango dute bertaratzen diren guztiek Matadeixen bertan. Bazkalostean, berriz, lo kuluxka egiteko txokoa prestatuko dute hala nahi dutenentzat, eta siestarako gogorik ez dutenek jolasean segitzeko aukera izango dute.

Arratsaldean, bestalde, kalera aterako dira kuirromeria-n, herriko txokoak hartzeko. Ostera Matadeira itzuliko dira handik gero,  eta gauari bide emateko, Fanta Lupisen kontsultategia izango da hala nahi dutenentzat. Egitaraua  ixteko, berriz, Siwanaba eta Juan Tatorri disko jartzaileen saioak izango dira. Gaueko emanaldi horiek ordainpeko sarrera izango dute: lau euroko prezioa zehaztu dute "prekarioentzat", eta zortzi eurokoa gainontzekoentzat. Hain zuzen, antolatzaileek argitu dute ez dutela nahi prezioa "inorentzat oztopo" izaterik; hori hala bada, egunean bertan taldearekin harremanetan jarrita "moldatuko" direla esan dute. 

Egitarauaz gain, bestalde, beste hainbat kontu ere izango dira Matadeixen egun horren barruan, hala nola "autotuneatzeko gunea", gaiari lotutako bailarako kartel historikoen erakusketa eta 273 postontzia. Azken hori Ugle eta Izarraizpeko Sorginak taldeek partekatzen zuten postontzia izan zen duela urte batzuk, "askorentzat erreferentea" taldeekin harremanetan jartzerakoan. Oraingo honetarako postontzia berreskuratuko dute antolatzaileek, eta jasotzen dituzten mezuekin kontsultategia egingo du Fanta Lupisek Matadeixen. 

Beste hainbat ohar ere plazaratu ditu taldeak: batetik, gogoratu dute Lurraldebusen zerbitzuak erabil daitezkeela Azkoitira iristeko, eta autoa hartuz gero, Matadeitik gertu dagoen Julio Urkixo etorbidearen eta Intsausti jauregiaren artean aparkaleku "handia" dagoela gaineratu dute. Horrez gain, Matadeixe "leku freskoa" dela eta, "gorputza bero mantentzeko behar adina arropa" eramateko gomendatu dute, hango sutondoaren ondoan berotuko diren arren.

Egitaraua
  • Abenduak 13, larunbata
    • 12:30. Otsoke(i)tan.
    • 13:45. Harrera.
    • 14:00. Bazkaria. Uluzka edo lokuluxka.
    • 18:30. Kuirromeria ibiltaria Matadeitik.
    • 21:30. Fanta Lupisen kontsultategia eta Siwanaba eta Juantatorri disko jartzaileak. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide