Euskadiko Medikuen Sindikatuak grebara deitu ditu Araba, Bizkai eta Gipuzkoako medikuak. Lanuzteak gaur, bihar, etzi eta datorren ostiralean, hilaren 12an, egingo dituzte. Lanuzteetara sendagileak bakarrik daude deituta, eta ez osasun zentroetako gainontzeko langileak. Hala, deialdiak eskualdeko osasun zentro guztietan eragina izan badu ere, greba ez da orokorra izan, eta mediku batzuek egin dute bat lanuzteekin, eta besteek lan egin dute.
Asteburu luzearen ostean hasi dute greba sendagileek, eta horrek izan zitezkeen arazoak areagotu ditu. Zentro batzuetan, hutsuneak behar bezala bete ez direlako, arazoak izan dituzte pazienteak artatzeko, edo telefono deiak erantzuteko. Greba egin duten osasun zentroetan gutxieneko zerbitzuak baino ez dituzte eman, eta larrialdiak eta atzeraezinak diren patologiak bakarrik artatu dituzte.
Grebaren xedea, Espainiako Osasun Ministerioak aurkeztutako Estatutuaren lege-aurreproiektua gaitzestea dela azaldu du grebarekin bat egitera deitu duen sindikatuak. Gipuzkoako Sendagileen Elkargoak ere babesa adierazi die sendagileen kolektiboari, eta adierazi du mobilizazio horiek "egoera jasanezin" batzuei erantzuten diela. "Herritar guztiek jasotzen duten osasun arretaren kalitatean zuzenean eragiten duten lan baldintza duinen aldeko borroka dira", nabarmendu du elkargoak.