Beste urte batez Oporrak bakean programa abiatu dute Oporrak Bakean lantaldeko kideek, elkarte desberdinetako kideek eta harrera familiak eta saharar haurren familiek, Tindufeko (Aljeria) kanpalekuetako haur sahararrak Euskal Herrian uda igarotzera etortzeko. Urtarrilaren 15era bitarte izango da deialdia zabalik.
Saharako errefuxiatuen kanpalekuetan bertan eman diote hasiera kanpainari, eta sustatzaileek gogorarazi dute 50 urte igaro direla Mendebaldeko Sahara okupatu zutenetik eta ia 200.000 lagun kanpalekuetan bizi direnetik. 50 urtez gure ateak zabalik eta esperantzari eutsiz lelo hartuta jarri dute kanpaina martxan, eta adierazi dute programan parte hartzea oso lagungarri zaiela adin txikiko sahararrei nahiz beren familiei. Baita harrera familiei ere: "Gu geu ere aberastu egiten gaitu. Gugandik asko ikasten duten arren, guk eurengandik ikasten duguna asko da".
Esperantza aipatu dute beste behin ere: "Ekimena egingo dugun azken uda izango denaren esperantza, Mendebaldeko Saharara aurki bueltatuko diren esperantza, herri oso baten esperantza da gehien maite dutenek gurera ekarriko dutena: bakearen enbaxadoreak, haur sahararrak". Elkartasun ariketa komunitario horretan parte hartzeko deia luzatu dute, erakunde eta eragile asko bidelagun izan arren, "ariketa kolektiboa" dela uste baitute. Bide batez, 50 urteetan sahararrek bizi izan dutena ez ahazteko deia egin diete euskal herritarrei desertutik bertatik.