Abenduaren 27an Kontseiluak Bilbon egingo duen ekitaldira joateko autobusa jarri dute kostako herrietan

Onintza Lete Arrieta 2025eko abenduaren 5a

Abenduaren 27ko ekitaldiaren aurkezpeneko une bat. (Euskalgintzaren Kontseilua)

Euskaraz bizitzeko pizkundea lelopean Bilbo Arenan izango den ekitaldirako autobusa Oriotik aterako da 15:00etan, eta Zarauztik, Getariatik eta Zumaiatik igaroko da. Izena emateko epea zabalik dago.

Euskalgintzaren Kontseiluak kultur kutsuko ekitaldia antolatu du abenduaren 27rako Bilbo Arenan (17:00etan) Euskaraz bizitzeko pizkundea lelopean, euskararen "larrialdi linguistikoari" aurre egiteko eta "euskarari pizkunde berri bat emateko". Egitasmoa aurkezteko emandako prentsaurrekoan, euskaltzaileei bertaratzeko deia ere egin zien: "Batu gaitezen bertan euskaltzaleok, hizkuntza berdintasunean, askatasunean eta justizia sozialean sinesten dugun herritarrok. Eta, jakina, euskarari etorkizun bizi eta oparo bat eman nahi diogun guztiok".

Hala, kostako herrietatik autobusa antolatu dute euskalgintza arloko eragileek. Autobusa Oriotik abiatuko da 15:00etan, eta geldialdiak egingo ditu Zarautzen(15:15), Getarian (15:30) eta Zumaian (15:45), handik Bilborantz segitzeko. 15 euro balio du autobus txartelak, eta itzulera 20:30ean izango da.

Autobuserako izena emateko epea zabalik dago abenduaren 18ra arte. Esteka honen bidez egin daiteke, edo honako tokietan: AEKko euskaltegietan, Zarautzen Eguzkin, Zumaian Mandalan, eta Orion, Kolon Txikin eta Orioko Herri Ikastolan.

Ekitaldirako sarrera aparte erosi behar dela azpimarratu dute antolatzaileek. Sarrerak eta informazio gehiago eskuratzeko pizkundea.eus atarira jo daiteke.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide