Euskal Kostaldeko Geoparkeak eta Mendietxe museoak elkarrekin ospatuko dute Mendien Nazioarteko Eguna. Abenduaren 11n izango da egun hori, eta handik bi egunera, abenduaren 13an, egun horren bueltako ekitaldi berezia egingo dute.
Lehenik, Alex Txikon alpinistak eta Asier Hilario geologoak solasaldia eskainiko dute Zumaian, eta gero, Azpeitiko Mendietxe museoan bisita gidatua egingo dute. Glaziarrak izango dituzte hizpide Mendien Nazioarteko Egunean, eta hain zuzen, gai horri bi ikuspegitatik helduko diote Txikonek eta Hilariok; izan ere, glaziarrez eta mendiez ariko dira solasean. 11:00etan izango da hitzaldia, Aita Mari antzokian.
Solasaldiaren ostean, autobusa hartu eta Azpeitira joango dira; Mendietxe museoan bisita gidatua egingo dute, 12:30etik aurrera. Zumaia eta Azpeitia arteko joan-etorria autobusez egin nahi dutenek hamar euro ordaindu beharko dute, eta aurrez izena eman, Zumaiako Turismo Bulegoan edo honako lotura honetan.