Euskararen Egunari lotuta hamaika jarduera antolatu dituzte eskualdean

Nerea Uranga 2025eko abenduaren 2a

Iaz Euskararen Eguneko ekitaldia Azkoitian. (Andoni Elduaien)

Euskararen Egunerako askotariko jarduerak antolatu dituzte Urola Kostako udalek, eragileek eta ikastetxeek. Jaialdiak, tailerrak, lehiaketak, hitzaldiak, ikus-entzunezkoak, hitzaldiak, aurkezpenak eta abar dira haur, gazte nahiz helduentzat prestatu dituztenak.

Bihar, abenduaren 3a, Euskararen Eguna da, eta egun horri lotutako askotariko jarduerak antolatu dituzte udalek nahiz eragileek eskualdeko ia herri guztietan. Egunean bertan nahiz beste egun batzuetan ere egingo dituzte euskara aldarrikatzeko ekintzak, baina, biharkoan ere plazak eta aretoak euskarari lotutako hitzorduek hartuko dute.

Azkoitian eta Getarian ikastetxeetako ikasleak plazara aterako dira Euskararen Eguna ospatzera. Azkoitian, Euskara Mahaiak eta hango kidetako bat den Udaleko Euskara Sailak antolatu dituzte Euskararen Eguneko ekitaldiak. Hala, bihar Euskararen Egunean, azken urteetan bezala, ikastetxeetako ikasleak zein irakasleak plazan elkartuko dira 11:30ean. Denek elkarrekin euskararen aldeko mezua zabalduko dute kantuen bidez zein trikitilariek lagunduta. Era berean, Ana Azkoitia alkateak harrera egingo die, eta ikasleetako batzuek Zahar eta gazte, jai eta aste, euskara aske! leloa duen pankarta zintzilikatuko dute udaletxeko balkoian. Horrez gainera, iazko "arrakasta" kontuan hartuta, DBH3ko eta DBH4ko ikasleekin bingo musikatu saioa egingo dute Elkargunean, 11:00etatik 12:15era eta 13:15etik 14:30era, Yogurinha Borovarekin eta Akrata Kristirekin. 17:30ean, Mikra zirku ikuskizuna izango da herritar guztientzako Berdura Plazan, 17:30ean.

Getarian, Euskararen Egunari merezitako tokia emateaz Iturzaeta Herri Eskolako ikasleak arduratuko dira, eta bihar arratsaldean eskolatik plazara jaitsiko dira kalejiran, han jaialdia egiteko gero. Astebururako, berriz, Getariako Gazte Asanbladak eta Salbatore abesbatzak ekitaldiak antolatu dituzte Euskararen Egunari lotuta.

Aizarnazabalen eta Azpeitian solasaldi bana izango dira bihar. Eneritz Albizu UEMAko teknikariak euskarak bizi duen egoerari buruzko hitzaldia eskainiko du, 18:00etan, Aizarnazabalgo Lauburuko proiekzio gelan. Azpeitian, berriz, 18:30ean, Basazabal jauregian, Pantailak Euskaraz taldeak egindako Urak eginen du bide dokumentala ikusteko aukera izango da. Ordu erdi inguruko dokumental horretan, adituen eta pertsona ezagunen elkarrizketa eta testigantzen bidez, gaur egun euskarak ikus-entzunezkoen munduan duen egoera aztertzen du. Segidan, gaiari buruz hitz egiteko aukera izango da Pantailak Euskaraz-eko Ioritz Gonzalezekin.

Azpeitian, gainera, bigarren hitzaldi-aurkezpen bat ere prestatu dute Euskararen Eguneko ekitaldiei lotuta. Hitzorrdu hori abenduaren 10ean izango da, 18:30ean, Basazabal jauregian. Garikoitz Goikoetxeak Esnatu ala hil liburua aurkeztuko du. Iñaki Iurrebasorekin batera idatzi du Goikoetxeak liburua, eta euskararen indarberritzeak bizi duen geldialdia aztertu dute liburuan. "Helduleku izan nahi du liburu honek, euskararen bilakaera eta egoera zein den ohartzeko tresna. Begiak zabaltzeko ordua da, izan ere. Euskararen biharko ametsak esnatzea eskatzen baitu gaur", dio liburuaren laburpenak.

Zestoan, Arroabean nahiz herriko plazan egingo dituzte Euskararen Eguneko ekintzak. Arroabeko eskolakoek jaialdia egingo dute bihar arratsaldean frontoian, eta 18:30ean, Erleen azken ziztada liburua aurkeztuko du Kepa Iribarrek, Elkargunean. Zestoako plazan, 17:30ean, hainbat tailer egingo dituzte haur eta gaztetxoekin Ekain guraso elkartekoek.

Zarautzen udalak antolatuta herriko ikastetxeetako ikasleekin hainbat ekintza egingo dituzte, horietako bat izan da pegatina eta bideo lehiaketa, eta joan den ostiralean banatu zituzten lehiaketako sariak. Denera, 2.000 ikaslek parte hartuko dute jardueretan. Eragileek ere antolatu dituzte euskara hauspotzeko jarduerak. Esaterako, bihar Euskararen Egunean, Zirika euskara elkarteak "euskararen aldeko argia piztera" deitu ditu herritarrak. Horretarako, argazki herrikoia aterako dute Munoa plazan, 19:30etik. Argazki horretarako, aurrez Musika Plazan elkartu eta kalejiran joango dira.

Zumaian ere udalak eta Larraina euskara elkarteak hainbat ekintza antolatu dituzte Euskararen Egunari lotuta. Gaur eguerdian Imanol Azkuek Mendez mende Zumaian euskaraz liburua aurkeztuko du. Bihar, Euskararen Egunean, Lurdes Iriondori buruzko Ez gera alferrik pasako dokumentala ikusteko aukera izango da Aita Marin (19:00). Ostegunean, 19:00etan, kantujira izango da Larrainakoekin Eusebio Gurrutxaga plazatik hasita, eta igandean, haurrentzako zinema emanaldia antolatu dute, Barrakudaren altxorra filma emango dute.

Egitarauak herriz herri:


AIZARNAZABAL

  • Bihar, asteazkena. Euskararen Eguna. Eneritz Albizu UEMAko teknikariak euskarak bizi duen egoerari buruzko hitzaldia eskainiko du, 18:00etan, Lauburuko proiekzio gelan.

AZKOITIA

  • Bihar, asteazkena. Euskararen Eguna.
    - 11:30. Azkoitiko ikastetxeetako ikasleen Euskararen Eguneko ekitaldia. Ana Azkoitia alkateak harrera egingo die, eta udaletxean Zahar eta gazte, jai eta aste, euskara aske! leloa duen pankarta zintzilikatuko dute.
    - 11:00-12:15 eta 13:15-14:30. Bingo musikatua Elkargunean, Yogurinha Borovarekin eta Akrata Kristirekin.
    - 17:30. Mikra zirku ikuskizuna, Berdura Plazan, Berdinki zirku garaikide konpainiarekin.

AZPEITIA

  • Bihar, asteazkena. Euskararen Eguna. Urak eginen du bide dokumentala eta Pantailak Euskaraz-eko Ioritz Gonzalezen hitzaldia. 18:30ean, Basazabalen.
  • Abenduak 10, asteazkena. Esnatu ala Hil liburua aurkeztuko du Garikoitz Goikoetxeak. 18:30ean, Basazabalen.

GETARIA

  • Bihar, asteazkena, Euskararen Eguna.
    - 15:15. Kalejira, Iturzaeta eskolatik plazara.
    - 15:30. Euskararen Eguneko ekitaldiaren hasiera, plazan.
    - 17:30. Ai, Zapotxin Baratxuri zoparen sekretua antzerki ikuskizuna, plazan.
  • Abenduak 5, ostirala. 21:00etan, bertso afaria, Gaztetxean. Bertsolariak: Libe Goenaga, Danel Olano, Amets Aizpuru eta Aitor Salegi. Gaiak jartzen: Ane Ezenarro. Antolatzailea: Getariako Gazte Asanblada.
  • Abenduak 6, larunbata. 12:30ean, kantujira, plazatik abiatuta, Getariako Salbatore Abesbatzako kideekin.

ZARAUTZ

  • Gaur, asteartea. Akelarre, marearen kontra dokumentala, 19:00etan, Modelo aretoan.
  • Bihar, asteazkena. Euskararen Eguna. Zirika euskara elkarteak argazki herrikoia aterako du Munoa plazan, 19:30ean. Aurretik, 19:00etan, Musika Plazan elkartuta, kalejiran joateko Munoara.
  • Abenduak 5, ostirala. Zuhaitz Gurrutxagaren Nortasun agiria antzezlana, 20:00etan, Modelo aretoan.
  • Abenduak 7, igandea.
    - 12:00. Muxikoak, Musika Plazan.
    - 18:00. Eingo taldearekin erromeria, Musika Plazan.

ZESTOA

  • Bihar, asteazkena, Euskararen Eguna.
    - 15:00. Euskararen Eguneko Arroako eskolako jaialdia, Arroabeko frontoian.
    - 17:30. Euskararen Eguna. Txapak egiteko tailerra, plaza banderinekin apaintzea eta aurpegi margoketa. Udaletxeko arkupeetan. Antolatzailea: Ekain guraso elkartea.
    - 18:30. Erleen azken ziztada liburua aurkeeztuko du Kepa Iribarrek, Arroabeko Elkargunean.
  • Abenduak 5, ostirala.
    -17:30. Haurrentzako ipuin kontaketa emanaldia, Dorleta Kortazarrekin. Arroabeko Elkargunean.
    - 19:00. Gaztaina erreak, Arroabeko frontoian.

ZUMAIA

  • Gaur, asteartea. 12:00. Imanol Azkuek Mendez mende Zumaian euskaraz liburua aurkeztuko du.
  • Bihar, asteazkena, Euskararen Eguna.
    - Goizean, 2026ko egutegia banatuko diete ikastetxeetan HHko eta LHko ikasleeei.
    - 19:00. Lurdes Iriondori buruzko Ez gera alferrik pasako dokumentalaren emanaldia eta zuzendariarekin solasaldia. Aita Mari aretoan.
  • Abenduak 4, osteguna. 19:00etan, kantujira Eusebio Gurrutxaga plazatik abiatuta, Larraina euskara elkarteak antolatuta.
  • Abenduak 7, igandea. 17:00etan, Barrakudaren altxorra haurrentzako filma, Aita Mari aretoan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide