Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikastoletan asteazkenerako deitu zituzten protestekin bat egin dute bart Azpeitian, Orion eta Zarautzen, eta beren hezkuntza zentroetan igaro dute asteazkenetik ostegunerako gaua. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren konpromiso falta bistaratzea izan da mobilizazio hauen helburua, izan ere, ikastoletako beharginek gaitzetsi dutenez, ez ditu bete 2023an LAB sindikatuarekin sinatu zuen lan hitzarmenak jasotzen dituen konpromisoak.
Akordio horrek Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hezkuntza sare guztietako langileengan eragina izango duten neurriak jasotzen ditu. Esaterako, Hezkuntza Sailak langile ororen soldatak parekatzea eta lan-baldintzen homologazioaren azterketa egitea jaso zuen. Alta, LABek dio Hezkuntza Saila "iskin" egiten ari dela langile batzuen soldata parekatzeari, "sinatutako akordioan parekatzea guztientzat izango zela jaso bazen ere".
Hori horrela, itxialdien bitartez, akordioan hartutako konpromisoak lehenbailehen gauzatzeko eskatu diote ikastoletako langileek Begoña Pedrosak zuzentzen duen sailari.
Azpeitiko, Orioko eta Zarauzko ikastoletan nork bere erara egin dute protesta. Azpeitiko Ikasberrin, aipatu akordioan sinatu zituzten baldintzen urraketen inguruko informazioa eskaini zuten asteazken iluntzean, eta ondoren, afaria egin zuten. Gaur goizean, bestalde, elkarretaratzea egin dute.
Orion, arratsaldean hasi zituzten itxialdiari lotutako ekintzak: pankartak egin ostean, kazerolada egin zuten herrian zehar, eta afaldu ondoren, euskal dantzen ikastaroa egin zuten ikastolan. Gaur, halaber, goizean goizetik esku-orri informatiboak banatzen aritu dira.
Zarauzko Salbatore Mitxelena ikastolan, elkarretaratzea egin zuten 16:45ean, eta beranduago, kalean zabaldu zituzten haien aldarrikapenak Oteiza lizeoko kideekin batera egin zuten kalejiran. "Jaurlaritza, bete zure hitza" idatzi zuen pankarta eraman zuten kalejiraren buruan. Iluntzean kantu afarria egin zuten, eta gaualdia zine forumarekin, jolasekin eta irakurketa txokoarekin arindu zuten. Gaur, berriz, elkarrekin gosaldu dute ikastolan.